Herritarrak, mendian eta pistan lehian

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 29a

II. Andatzako igoerako probako lehen metroak. Arg.: Noaua aldizkaria.

Lasarte-Oriako korrikalari eta atletek hitzordu ezberdinak izan zituzten hilaren 24tik 26rako asteburuan. Hala nola, Zubietako jaien barruko II. Andatzako igoeran izan ziren herritarrak eta Malagan (Andaluzia) Espainiako txapelketan aritu zen Naroa Furundarena jauzilaria

Zubietako auzoa Santiyo Jaietan murgilduta dago eta egitarauko jarduera guztien artean, hilaren 26an, arratsaldean, Andatzako II. Igoera jokatu zen.

Hainbat herritar edo herriko taldeetako ordezkariak egon ziren probako irteeran. Andatza gailurreko mugarrirainoko sei kilometroak egin zituzten parte hartzaileek eta bi kategorietako garaileek lehen edizioko errekorrak ondu zituzten; Juan Boyero donostiarrak 31.55 denbora egin zuen eta Amagoia Iribar oriotarrak, aldiz, 42.50.

Lasarteoriatarren artean, Lasarte-Oria trail Mendi elkarteko (LOTME) Jon Huizi izan zen azkarrena (34.50); gertu ibili den talde kide eta probako antolatzaile den Xabier Aizpurua (34.51).

Ezin zortziko finalean egon

Bi egun lehenago, Malaga Hiriko atletismo pistan (Andaluzia) lehiatu zen Diputacion Valencia CA taldean dagoen Naroa Furundarena herritarra. Espainiako txapelketari egin zion aurre Lasarte-Oriako kirolariak eta jauzi hirukoitzeko proban parte hatu zuen. Furundarenak hiru saiakera egin zituen zortziko finalerako sailkatzeko eta bere jauzirik onena 12,26 metrokoa izan zen. Ez zen nahikoa izan lehian aurrera egiteko.