Faboritoek hutsik ez eta Janacekek hirukoa poltsikora

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 28a

Alusaldu saria eskuratzeko, zuzengunean izan zen borroka., Arg.: Dabid Argindar.

Hilaren 25ean, goizez, Hipodromoko Udako jardunaldia lehiatu zen. Eguraldi iragarpenek okerrera egingo zuela zioten arren, ez zen euririk izan eta zaldi zein behorrek euren onena eman zuten pista lehorrean zaletuez gozemenerako. Faboritoek euren onena eman behar izan zuten azken zuzengunean lasterketetan sariak eskuratzeko

Goizeko jardunaldia San Sebastian Gastronomika saria lehiatuz hasi zen. Sir Polo eta Evelin Rodriguezek lasterketa burua hartu zuten lehen momentutik. Nahiz eta azken zuzengunean, Pinarellu eta Denisa Sikorova gerturatu, bikoak ederki eutsi zion garaipenari.

Bigarrengo lasterketan, Bugatiko zuzengunean Armero-Vlacav Janacek lehen postua hartu eta Born to bright-Maxime Foulon atzetik zutela aurre hartu zioten taldeari. Zuzengunean bien arteko lehia izango zela zirudien arren, lehenek erritmoa ongi mantendu eta A Caballo Ganador saria eskuratu zuten.

Alusaldu sarian, aldiz, Meletea behorrak eta Borja Fayosek eraman zuten lasterketako erritmoa eta irabazlea izango zela zirudien. Azken zuzengunean, ordea, atzetik zetozen aurkariek euren onena emanez, aldea murriztu zuten. Helmugarako 200 metro faltan jarri zen buru Jaime Gelabertek zuzendutako Maximun Scepticism eta gertu zetorren The Wiser-Ignacio Malgarejo bikoa ongi mantendu zuen atzean.

Laugarren sarian ere lehia ederra izan zen zuzengunean. Aurreko saioaren antzera Miss Elorz eta Nuno Manuel Lopes izan ziren lasterketako buru. Gainerako parte hartzaileei errenta ere atera zieten. Zuzengunean sartzearekin bat, ordea, egoera aldatu zen eta aurkariek erritmoa aldatu zuten bikoa atzean utzita. Shangar eta Janacekek, gainera, erasoa jo eta lehen postuan jarri ziren helmugara bakarrik iritsita.

Eta arratsaldeko hirugarren saria eskuratzeko antzeko taktika erabili zuen Janacekek; oraingoan Gold Index-en gainean Diario Vasco saria irabazi zuen. Horretan lasterketa buru ziren Frankini eta Julia Zambudio gainditu zituzten Gold Index eta Jancekek. Azken marratik 400 metrotara erritmoa azkartu eta bakarrik igaro zuen helmuga.

Jardunaldiko emaitzak
  • San Sebastian Gastronomika saria Sin Polo/E. A. Rodriguez
  • A Caballo Ganador saria Armero/V. Janacek
  • Alusaldu Saria Maximum Scepticism/J. Gelabert
  • Moyua eraikuntzak saria Shangar/V. Janacek
  • Diario Vasco saria Gold Index/V. Janacek