Xabat Martinek, denboraldiari amaiera ederra emateko garaipena

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 28a

Xabat Martin herritarra, Inazio Deuna probako podiumeko gorenean. Arg.: MA Martin.

Andoaingo Txirrindulari Eskolako Xabat Martin Mariezkurrena eta Dario Gomez Blanco herritarrek Gipuzkoako Federazioak antolatutako kadete mailako errepide denboraldiari amaiera eman zioten hilaren 26an, Azpeitian. Ederki jardun ziren Inazio Deuna sarian eta Martin podiumeko gorenera igo zen

Inazio Deuna 46. saria jokatu zen,  igandean, hilaren 26a, Azpeitian. Kadete mailako gazteek Perez Arregi plaza ondotik atera eta  Iraeta, Arroa eta Aizarna igarotzen zituen 58 kilometroko ibilbidea osatu ostean, berriro ere Azpeitiako erdialdean amaitu zuten proba. Andoaingo Txirrindulari Eskolako Xabat Martin Mariezkurrena eta Dario Gomez Blanco herritarrak pelotoian atera ziren eta ongi jardun arren, emaitza ezberdinak izan zituzten.

Martin tropeleko lehen postuetan izan zen lehian. Lasterketa osoan zehar erasoak jo zituen eta taldeak ongi indargabetzen zituen bere tentaldiak. Azpeitia lehenengoz igarotzean taldetxo batekin aurrera egin eta Etumetara minutu bat eta 30 segundoko aldearekin iritsi ziren ihesaldiko kideak. Erreleboka kilometroak aurrera egin zituzten gazteek, baina Martinek azken ahalegin bat egin zuen erritmoa igoz eta oraingoan bai, bere helburua bete zuen; bakarrik joan zen. Taldeari aldea ireki eta helmugara 01.32.23 denborareki iritsi zen; minutu bat eta hiru segundora iritsi ziren gainerako iheslariak.

Dario Gomez Blanco, 360 dortsala, tropelean. Arg.: Andoaingo Txirrindulari Eskola.

Gomezek, aldiz, gorabeherak izan zituen ibilbidean. Llehen postuetan hasi zuen lehia, baina Arroako biraketan atzera gelditu zen. Ez zuen amore eman, ordea; ahaleginak ahalegin  taldearekin bat egin zuen eta tropela Azpeitik lehen aldiz igarotzerakoan aurreko postuan zen. Alabaina, Aizarna eta Etumeta alderutz igotzean berriro atzean geratu eta epaileek lasterketatik kanpo utzi zuten.

Era honetara, bi herritarrek Gipuzkoako errepideko denboraldiari agur esan diote.

Bestalde, Euskadiko Federazioko Lehendakari txapelketako Xanisteban Txirrindularitza saria-Txomin Perurena Oroimenezkoan parte hartu zuen SIMA Cepial taldeko Markel Marzok herritarrak, baina ezin izan zuen lasterketa amaitu.