Santa Ana Pala txapelketako azken jardunaldi jokatu zen igandean, hilaren 26a, Loidibarren pilotalekuan. Zaletuz bete zen harmaila eta hirugarren postuko zein finaleko partidetaz ederki gozatu zuten.
Jardunaldiari hasiera emateko hirugarren postua jokatu zen. Jagoba Mendizabal-Onditz Urruzmendi (gorri) eta Xenki Astiazaran-Joseba Iparragirre (uridn) bikoek neurketa itzela egin zuten. Piloteo luzeak eta amaiera politak txandakatuz markagailuan berdinduta aurrera egin zuten bi bikoteek. Azken hiru tantoetan, ordea, bikote gorriak ongi asmatu zuen eta 25-22koarekin partida eta brontzezko postua eskuratu zuten.
Finalaren txanda iritsi zen eta Jon Pello eta Iker Artetxe (gorri) eta Iñaki Castro eta Jon Begiristain (urdin) bikoek neurtu zituzten indarrak.
Aurretik lehiatutako saioarekin alderatuta, bestelakoa izan zen lehia. Hasieratik gogoz jardun ziren Artetxe anaiak eta, batez ere, aurrelari lanak egiten egon zen Jon Pellok; jokaldiak erritmo biziz amaitu eta lehen bost puntuak erraz eskuratu zituzten.
Ez zieten Castrori eta Begiristini atsedenik eman eta pixkanaka errenta handitzen joan ziren, 16-4.
Horri esker, gorriek jokoa lasaitu eta tantoak batera eta bestera igotzen joan ziren markagailuan. Urdinak puntuak jarraian lortzeko asmoz pilota aldatzen joan ziren, baina gorriek ez zuten hutsik egiten eta amaieran 25 eta 14ko markagailua izan zen.
Era honetara, Artetxe anaiek iaz eskuratutako txapeldun titulua berretsi eta hirugarrenez Santa Ana Pala txapelketako garaikurra irabazi dute, lehena 2022an izan zen.
