ESKUTITZA

Agian ez dizute kontatu

Lasarte-Oriako bizilagun batzuk 2026ko uztailaren 24a

Oztarango eskola zaharra hustu eta egun batzuetara eskutitza bidali dute Lasarte-Oriako bizilagun batzuek TXINTXARRI-ren erredakziora.

Lasarte-Oria, 2025: Oztarango eskola urtebetez hutsa, inongo erabilera aurreikuspenik gabe. 2026ko udaberria: 60 pertsona eskolan bizitzen. 2026ko uztailak 14: "Oztarango ikastetxe zaharra hustu dute, epaileak aldeko ebazpena eman ostean". Aurreko egunean abisatu dituzte.

Agian kontatu dizute segurtasun falta handia dagoela azkenaldian, moro asko ikusten dela herrian. Agian kontatu dizute Oztarango eskola moroek okupatu zutela eta ordutik dagoela izugarrizko segurtasun falta herrian. Agian kontatu dizute eraso matxistak igo direla auzoan eta baita lapurretak egon direla ere. Agian kontatu dizute beldurtuta dagoela auzoko jendea eta gazteek institutura bakarrik joateari utzi diotela. Agian kontatu dizute soinua egiten dutela gaueko ordu txikietan eta jende asko drogatuta ibiltzen dela eskola inguruan. Agian kontatu dizute eskola zikin-zikin eginda dagoela. Agian kontatu dizute Oztarango bizilagunek egoeraren aurrean zuten kezkagatik udalak bilera egin behar izan zuela. Agian, heldu zitzaizun manifestazio baterako deialdia bilera ostean. Agian, Yo soy de Lasarte-Oria-n irakurri dituzu hainbat komentario. Agian, Lo que no te cuentan de Donosti-ren sare sozialetan Lasarte-Oriako bideoren bat ikusi duzu. Adibidez, eskolara ertzaina eta bonberoak iristen ikusten direna. Agian kontatu dizute segurtasuna zela jokoan zegoena.

Baina agian ez dizute kontatu 60 pertsona inguru kale gorrian eta ezer gabe utzi berri dituztela Lasarte-Oriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Agian ez dizute kontatu etxea uzteko aurreko egunean abisatu zituztela. Agian ez dizute kontatu bizilagunekin egindako bilera horretan udalak auzoko bizilagunak mobilizatzera bultzatu zituela, horretarako laguntza eskainiz, bere desalojo asmoa errazteko. Agian ez dizute kontatu bonberoak eta ertzainak eskolara iristen ikusten diren bideo horretan, gaizkileak atxilotzera baino, egoerak gain hartuta, pertsona bat bere buruaz beste egiten saiatu zelako joan zirela. Agian ez dizute kontatu ura eta elektrizitatea etengabe kentzen zietela. Poliziak egunero arrazoirik gabe ere esnatzen eta jazartzen zituela. Agian ez dizute kontatu udalak errolda eskubidea ukatzen diela. Agian ez dakizu pertsona bat udaletxean bahituta izan zutela arrazoirik gabe, edota udaletxea itxi zutela bera giltzapetzeko. Ez dizute kontatu Basaundin garrasi batzuk entzuteagatik ertzainari norbaitek deitu eta eskolara agertzen zela polizia.

Beharbada, ez dakizu etengabe egiten dituztela sarekadak azal kolorea eta itxuragatik. Agian ez dizute kontatu ekaineko manifestazio deialdiaren kartela eta Donostiako zenbait auzotan Lo que no te cuentan de Donosti-k egindakoa kalko hutsa zirela. Agian ez dizute kontatu Lo que no te cuentan de Donosti-ren atzean kalera moroak egurtzera ateratzen diren faxistak daudela. Agian ez dizute kontatu bideoek eta Ertzainaren presentziak berak igoarazten dutela segurtasun falta sentsazioa. Agian ez dizute kontatu PPko zinegotziek, VOXek, Desokupak eta bestelako faxistek kanpaina egin eta arrazismoa zabaltzeko probestu dutela egoera.

Gauza asko dira kontatzen ez dizkigutenak, kontatzen ez ditugunak, ikusten ez ditugunak eta ikusi nahi ez ditugunak. Lerro hauetan kabitzen direnak baina askoz gehiago.

Lasarte-Oria, 2026ko udazkena. Oztarango eskola tapiatuta dago. 60 pertsona daude etxegabetuta. Bertako jende askok herritik alde egin behar izan du. Baina diskurtso arrazistak herrian geratu dira.

Ez al dizute kontatu faxismoari atea irekita uzten zaionean, erresistetziarik jarri ezean, dena hartzen duela?