Lanean hasi ginenetik gaurko egunera arte goitik behera aldatu dira mundua, gizartea, gure udalerria eta baita bertan bizi garenok ere. Besteak beste, gailu digitalak eta sare sozialak eguneroko erreminta bihurtu dira gure bizitza profesionaletan zein pertsonaletan. Ildo horretatik, azkenaldian, komunikabidearen jardunarekin lotutako zenbait argitalpen irakurri ditugu Facebook sare sozialeko Yo Soy de Lasarte-Oria taldean, publikatuak izan aurretik gurekin kontrastatu gabeko gai batzuei buruzkoak. Edozeri buruzko proposamenak, ekarpenak, galderak edota kritikak egin nahi dizkiguzuen guztiak animatzen zaituztegu zuzenean gurekin harremanetan jartzera, eskura dituzuen ohiko bideak erabilita: erredakziora etortzea, telefonoz deitzea edo idaztea, mezu elektronikoa bidaltzea, sare sozialetako gure kontuen bidez harremana egitea…. Ariketa horrela egitea guztiontzat aberasgarriagoa delakoan gaude.
Lasarte-Oriakoak izan gara, gara eta izango gara gu guztiok. Horregatik beragatik, Lasarte-Oriakoak garelako, jarrai dezagun herria elkarrekin eraikitzen eta kontatzen; elkar komunikatzeko bide berriak besarkatuta, baina honaino ekarri gaituzten betiko eta gertuko moduak alde batera utzi gabe.