Lander Ortega Artola: "Ez nuen espero Enekok eta biok Master Cupeko txapela lortuko genuenik"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 24a

Lander Ortega herritarra (ezkerrean) eta Eneko Sagarmendi, txapelekin. Euskal Pilota Egokitua Master Cup Irekia

20 urterekin hasi zen Lander Ortega Artola (Lasarte-Oria 1994) palan. Txikitatik pilota zuen gustuko eta eskuz aritzen zen herritarra: "Urte askotan ibili nintzen eskuz jokatzen eta pilotaleku askotara joateko aukera izan dut". Baina modalitatez aldatu, Mindara elkartearekin bat egin eta geroztik, bikotekako pilota egokitutako lau finaletan izan da herritarra lehian. 2022 eta 2023 urtetan, Euskal pilota egokitutako txapela jantzi zuen Xabier Villar eta Leire Esnal bikote zituela, hurrenez hurren. Aurten, Master Cupeko finalean Xabat Askasibar eta Hodei Asteasuren aurka jokatu eta garaile izan zen Eneko Sagarmendirekin batera

Pilota egokitutako Master Cupeko finala jokatu eta txapela jantzi zenuen, apirilaren 12an. Espero al zenuen?

Egia esan, ez nuen espero txapela lortuko genuenik. Partida oso parekatua izan zen hasieratik amaiera arte. 

Urduri nengoen eta hasieran, behintzat, markagailuari eutsi genion. Enekok ongi jokatu zuen. Nik pixka bat sufritu nuen, zeren eta denbora guztian Askasibarrek niri pilotak bidaltzen zizkidan. Asko eraman behar izan nituen eta palaren pisuarengatik eskua ere nekatu egiten zitzaidan.

Bi puntu aurretik jarri ginenean irabaziko genuela sinesten hasi nintzen eta lasaitu nintzen. Eta txapela lortzean, kristoren poza sentitu nuen.

Eneko Sagarmendi izan zenuen bikote. Eskarmentu handiko pilotaria da. Hori ere lagungarria izan zen?

Enekok txapelketa pila bat jokatu ditu. 23 txapel ditu guztira. Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelak ere lortu izan ditu. Ezin zaio meriturik kendu.

Txapelketan ez nuen espero Enekoren bikote izatea. Nire laguna da eta ohituta gaude elkarrekin jokatzera eta elkarren aurka ere jokatu izan dugu partidaren bat. 

Hori guztia kontuan izanda, partidatan posturak eta zein jokaldi egingo dituen badakizu. Pilota nola botako dizun, txokora, atzera edo zabalean jokatuko duen. Gainera, sakean ongi moldatzen da. Elkar ondo ezagutzen dugu eta horrek errazten du jokoa.

Txapelketako kanporaketak Lasarte-Orian, Loidibarren pilotalekuan lehiatu ziren eta bertan izan zenituen senitarteko eta lagunak. Zer sentitu zenuen?

Ez nuen espero guztiak agertzea. Lagunak bazebiltzan esaten etorriko zirela, baina senitartekoak egongo zirenaren arrastorik ez nuen. Eta niretzako ilusionagarria izan zen, zeren eta senitartekoak ez zaizkizu egunero joaten.

"Enekoren bikote izatea ez nuen espero. Nire laguna da eta ohituta gaude elkarrekin jokatzera"

Hau zure hirugarren txapela da binaka. 

Bai. Horrela da. Master Cupekoaz gain, 2022an Euskal Pilota Egokitutako bikotekakoa lortu nuen eta 2023an Leire Esnalekin ere garaile izan ginen. 2021ean, txapeldunorde ere izan nintzen.

Goiko mailako txapelketa batean hiru txapela lortzea uste dut ez dela gaur egun oso erraza, baina banaka...

Hor duzu arantza?

Buruz buruan aritu naiz, baina oraindik ez dut txapelik neureganatu, aurten asmo hori dut. Eta gero, ikusiko dugu zer... 

Palako buruz buruko txapela duzu jomugan, beraz.

Bai, baina dagoen mailarekin konplikatua ikusten dut. Urtero, gainera, handitzen doa eta jokalariak gero eta hobeak dira. Nire jokoa ez badut hobetzen, oso zail egingo zait aurten buruz burukoa eta binakakoa.

Beraz, entrenatzen jarraituko dut eta ea txapel gehiago iristen diren etxera.

Nola uztartzen dituzue bi txapelketa horiek?

Hori federazioak antolatzen du. Eta hilabete batean buruz burukoa hasten bada, hurrengo hilabetean igual binakakoa...

Oso jarraian jokatzea ere ez da oso gomendagarria. Ze gorputzak ere atseden handia behar du.

Eta nola moldatzen zara zu entrenatzeko?

Mindaran jokatzen dut, Errenteriako taldean. Entrenamendu saioak ostiralero izaten ditugu. Palako bi talde daude eta ni bigarrenean nago, 17:00etatik 19:00etara. Bertan neskak eta mutikoak batzen gara.

Neskak aipatu dituzula, zuen txapelketak mistoak dira, ezta?

Hori da. Lehiatzerako orduan, berdin dio neska batekin tokatzen zaizun edo beste mutil batekin. Onak diren edo ez.

Garrantzitsuena da parte hartzea, kirola egitea eta osasun arazorik ez edukitzea. Eta ondo zaintzea.

"Buruz buruan aritu naiz, baina oraindik ez dut txapelik neureganatu, aurten asmo hori dut"

Pilotaz gain, futbolean jokatu zenuela ere jakin dugu.

Bai, horrela da. Futbola ere egin izan dut. 

Baina biak batera ezin nituela egin ikusi nuen eta futbolarekin edo pilotarekin jarraitu erabaki behar izan nuen. Eta azkenean pala egitea aukeratu nuen.

Palan jokatzea gustuko duzula argi geratu da, baina ba al duzu jokalari gustukorik?

Ez dut pala modalitatea jarraitzen. Baina Mindaran badira bi kide nire gustuko direnak, bata Eneko da eta bestea Iraitz Huegun.

Enekok dohainak ditu. Aurrean zein atzean joka daiteke. Jokalari osoa da. Eta Iraitzek duen besoa ikaragarria da. Pilotari ematen dion abiadura handia da. Gainera, sakean atzean jartzen du edo bigarren pilotakadan, zortzian edo bederatzian jartzen du pilota.

Eta eskuzko lehian, gustuko dut Iñaki Artola. Azkeneko hamar urte hauetan ikusi dudan pilotaririk osoena eta onenetakoa da.

Hilaren 26an, Santa Ana Pala Txapelketako finalak jokatuko dira Lasarte-Orian. Noizbait pentsatu al duzu bertan parte hartzea?

Egiazki gustatuko litzaidake jokatzea aukera balego. Norbaitek komentatuko balidake, bikoteko kide bat faltan edo baja bat balego ere prest egongo nintzateke. Baina ez nago ohitua erabiltzen duten pilotara, guk teniseko pilota erabiltzen dugu eta horretara egiteko denbora beharko nuke.