Hogei bat herritarrek Getaria eta Zarautz arteko bidea egin zuten igerian

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 23a

Joseba Egia eta June Lopez, helmugara iristen. Arg.: Zarautz Guka.

3.000 bat igerilarik parte hartu zuten hilaren 19an Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. Getariako portuan uretaratu eta Zarauzko hondartzara dauden 2.850 metroko ibilbidea burutu zuten parte hartzaileek eta horien artean izan ziren hogei bat herritar zein Buruntzaldea IKTko ordezkari

Santiago Aviles galiziarrak (34.58) eta Claudia Giralt (36.54) katalanak izan ziren probako garaileak. Herritarren artean, aldiz, Josega Egia (38.56) eta Buruntzaldea IKTko June Lopez (46.42) izan ziren azkarrenak.

Proban parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilari zein kide ohiak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Ez da igerialdi hau herritarrek egiten duten lehena. Ekainean hasi zen itsasoko proben denboraldia eta hainbat lehiatan izan dira Lasarte-Oriako kirolariak borrokan.

Ekainaren 27an, Mutriku eta Deba arteko Flysh Beltzean igeri egin zuen arestian aipatu Egiak. Lehen postuetan izan zen herritarra; 39.25 markarekin sailkapen orokorreko zazpigarren eta master mailako bigarren izan zen.

Hilaren 11n, Zumaiako Itzurun Arranpla probako 3.000 metroko zein 1.500 metroko saioetan izan ziren herritarrak. Lehenean Aitor Iurramendik 57.01 egin zuen eta bigarrenean, Aiora Escuderok, 22.24.

Egun bat geroago, Iurramendik 24.46 behar izan zituen Ondarruko itsas zeharkaldiko (Bizkaia) 1.600 metroak egiteko.