Lasarte-Oriako atletak zein korrikalariak, probaz proba

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 23a

LOTMEko Xabier Aizpuru Karmengo Jaietako hirugarren sailkatu zen. Arg.: Javier Zatarain.

20 urtez azpiko Espainiako txapelketa, Karmengo Jaiak lasterketa edo B2H, herriko atletek zein korrikalariek atseden hartzeko tarte gutxi izan zuten, hilaren 18an eta 19an

Ostadar SKTko Iraia Alkorta eta Oinatz Almagrok 20 urtez azpiko Espainiako txapelketan parte hartu zuten Albaceten (Gaztela-Mantxa). 

Alkortak 100 metroko kanporaketan egin zuen lasterka eta 12,60ko markarekin ezin izan zuen aurrera egin. Almagrok, aldiz, ez zuen egunik onena izan eta jauzi hirukoitzeko proba baleko saiakerarik gabe amaitu zuen. Era honetara, aire zabaleko sasoiari agur esango diote atletek.

Hilaren 24tik 26ra, aldiz, Malagan (Andaluzia) lehiatuko da absolutu mailako proba; Diputacion Valencia CA taldean dagoen Naroa Furundarena herritarra jauzi hirukoitzeko lehian izango da hilaren 24an, 20:00etan.

Lasterketetan ere

Pistatik errepide eta mendira, Lasarte-Oriako korrikalariak B2H trail edo 5K Karmengo Jaiak lasterketetan izan ziren. Txintxerpeko proban herriko hainbat ordezkarik igaro zuten helmuga eta hirugarren izan zen Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) Xabier Aizpuru (16.05).

Nafarroako Mirafuentes herrian lehiatutako B2Hn, aldiz, Gaizka Bujandak 2.48.43 behar izan zituen 17,4 kilometroko ibilbidea egiteko.