Kayak kroseko erlojupekoarekin eman zion hasiera Lasarte-Oriako palistak lehiaketari. Hilaren 20an, kayak kroseko erlojuaren aurkako bakarkako jaitsieran herritarrak ez zuen hutsik egin eta 52,93 markarekin hamargarren postuan amaitu zuen lehia.
Chourraut pozarren agertu zen BAT Basque Teameko kideei eskainitako hitzetan, hilaren 25ean, kayak kroseko lehiaketan egon ahal izateagatik: "Mozketa pasa dugu eta hori da niretzat garrantzitsua lauko borroka horietan egotea". Baina kanalaren erdiko eremuan deseroso egon zela ere onartu zuen: "Ez naiz gustura aurkitu, piragua asko gurutzatu dut eta entrenamenduetan gustura egiten nuen zatia zen".
Zazpigarren postuan
Hurrengo egunean, K1eko kanporaketa eta taldeko probei egin behar izan zien aurre herritarrak.
K1eko sailkapen proba izan zuen lehenengo olinpiar dominadunak. Azken erremonteak arazo batzuk medio, atea ukitu eta puntuak gehitu zizkioten markari. 92,34rekin zazpigarren izan zen eta gaur arratsaldean jokatu diren finalerdietan egoteko txartela eskuratu zuen. Jarraipena egiketako egin klik, hemen.
Chourraut pozik zegoen egindako jaitsierarekin: "Azken erremontean ate bat ukitu eta denbora galdu dut. Baina jaitsiera osotasunean ona izan da, nabigazio onarekin eta gauzak seguru egiten. Egoki izan da". Eta kayak krosaren antzera, finalerdietara iristea garrantzitsua dela adierazi zuen: "Kanala aldakorra da, ez da erraza. Lehenengo hogeita hamarretan sartzea ez da erraza; kontuz ibili behar da eta hori izan da gure estrategia".
Ostean, taldekako lehia izan zuen Lasarte-Oriako palistak eta ezin izan zuten podiumean egon. Herritarrak, Laia Sorribesek eta Leire Goñik osatutako hirukoak jaitsiera ona egin eta hirugarren denborarik onena lortu arren, bidean bi huts izan eta lau puntu gehitu zizkieten azken markari (104,68). Horrek zazpigarren postuan amaitzea ekarri zuen.