Lasarte-Oriako txirrindulariek, zorterik ez

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 22a

Xabat Martin, Chapel Gorri probako tropelean. Arg.: Andoaingo Txirrindulari Eskola.

Lasarte-Oriako txirrindulariek hitzordu bikoitza izan zuten hilaren 18an eta 19an.

Andoaingo Txirrindulari eskolako Xabat Martin eta Dario Gomez herritarrak hilaren 18an Ordiziako Chapel Gorri probari egin zioten aurre eta biak iritsi ziren helmugara.

Martin azken igoera arte lehen postuetan mantendu zen eta hainbat erasotan parte hartu zuen. Tamalez atzean geratu eta 01.26.55rekin hogeigarren postuan sartu zen helmugara. Gomezek ere azken igoeran galdu zituen postuak eta 01.32.04 egin zuen azken marran.

Egun bat geroago, Markel Marzolek Lehendakari txapelketako Dorletako Ama sari nagusia lehiatu zuen Leintz Gatzagan. Herritarrak ezin izan zuen proba amaitu.

Garmendia ere lehian

Bestalde, Garaje Tolosa Danena taldean ere herritar bat dugu lehian, Luken Garmendia. Kirolari gaztea junior mailan ari da lasterka eta denboraldi honetan hainbat probatan parte hartu du.

Ekainaren hasieran lehiatutako Iruki Sarian hamahirugarren izan zen. Ekainaren 19tik 22ra jokatu behar zen Gipuzkoako Itzulian ere izan zen borrokan. Lau etapetatik bi bakarrik egin ziren eguraldiarengatik, baina ongi moldatu zen herritarra Idiazabalgo erlojupekoan eta lehen etapan.