Lehen neurketan, Artetxe anaiak (gorri) eta Jagoba Mendizabal eta Onditz Urruzmendi bikoa (urdin) izan ziren aurrez aurre.
Ordu bete baino gehiagoko partida izan zen. Lehen tantoetan urdinak aurreratu baziren ere, seina berdindu eta partida parekatu zen. Tanto luzeetan aurkariaren hutsa bilatu zuten bi bikoteek. Jokaldi politak ere ikusi ahal izan ziren, hala nola, bi pareta edo dejada eginez lortutako puntuak. Hemezortzina iritsi zirenean, ordea, Jon Pello zein Iker Artetxek aurrea hartu eta jokaldiak ongi irakurriz, 25 eta 18 irabazi zuten.
Ostean, Josu Castro eta Jon Begiristain (gorri) eta Xenki Astiazaran eta Josu Iparragirre (urdin) bikoen txanda izan zen.
Horiek ere luze jokatu zuten. Lehen kanporaketaren antzera, jokaldi amaigabeak egin zituzten eta atzelariek lan itzela egin zuten. Neurketa estua izan zen. Momenturen batean, Castrok eta Begiristainek aurre hartzea lortu arren, Astiazaran-Iparragirre bikoak ederki erantzun zuen eta urdinen aurrelariak, gainera, lan ederra egin zuen.
Nekeak eta beroak eraginda, hutsak ugaritzen joan ziren eta azkenean, gorriek errenta txiki hartu eta garaipena erdietsi zuten, 25-22.
Finala, hilaren 26an
Santa Ana egunean, hilaren 26an, jokatuko da Artetxe anaiak eta Castro-Begiristain bikoaren arteko final handia.
Aurretik, hirugarren postua izango da jokoan. Mendizabal-Urruzmendi eta Astiazaran-Iparragirre izango dira nor baino nor.
Finalerdien antzera, neurketa interesgarriaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Loidibarren pilotalekuan.
Antolakuntzak zehazteke ditu partiden ordutegiak.