'Semaforo Domatzailea' album ilustratua argitaratu du Aintzane Usandizaga Lopezek

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 23a

'Semaforo Domatzailea' album ilustratuaren azala.

"Zer edo zer ez dabil zuzen Xirriparten... Oso oker dabil, hobeto esanda, batez ere herriko helduei begiratuz gero. Sara, egoeraz jabeturik, oharrak hartzen hasiko da eta konturatuko da herriko semaforoek badutela zerikusirik helduen portaera bitxiarekin. Semaforoak zeharo aldrebesturik dabiltza eta zerbait egin beharra dago!". Hori da Aintzane Usandizaga Lopez idazle lasarteoriatarrak ondutako 'Semaforo Domatzailea' album ilustratuaren sinopsi deigarriaren aurreneko zatia. Lerro horiek irakurrita norbaiti liburua hartzeko gogorik piztu ez bazaio, segi dezala leitzen: "Hala bada, Sarak Semaforo Domatzailearen bisita jasoko du, eta egoera leehngoratzeko planari ekingo diote elkarrekin". 

Liburu horretan semaforoak nahasteak ekar ditzakeen okerkeriak eta xelebrekeriak topatuko dituzte irakurleek: ziatika epidemia, seinale eta farolen ihesa, ispilu biribilak etxeetatik desagertzea... Istorio "umoretsu eta abenturaz betea" da Semaforo Domatzailea

Txalaparta argitaletxe nafarrarekin argitaratu du lana Usandizagak. Album ilustratua izaki, azaleko nahiz barruko ilustrazioak Maria Ortiz Baños ilustratzaileak ondu ditu. Herritarrak bere Instagram kontuan berriki argitaratutako post batean eskerrak eman dizkio lankideari, bere lerro eta koloreekin "liburu ederrago bat leherrarazteagatik".