Beñat Telleria, Euskal Pentatloiko finalera

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 21a

Euskal Pentatloiko finalistak. Arg.: Euskal Pentatloia.

Euskal Pentatloiko kanporaketa lehiatu zen hilaren 18an, Villabonan. Hamalau kirolari izan ziren nor baino nor Errebote plazan; horien artean, Beñat Telleria herritarra

Bost probari egin zieten aurre lehiakideek: 100 kiloko bola altxatzea, giza proba, aizkora, txingak eta korrika.

Telleria ederki  moldatu zen harria jasotzen eta hirugarren amaitu zituen hamar altxaldiak. Giza proban ere postua mantendu zuen, baina aizkora lanean Jokin Urretabizkaia Basozabal-ek aurreratu zuen. Txingak amaitzean gertu zuen Ioritz Gisasola Zelaia IV.a eta bizkaitarrak lasterka aurreratu zuen herritarra. Helmugan, beraz, bosgarren denborarik onena eskuratu zuen Lasarte-Oriako kirolariak (14.32) eta irailaren 26an Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen.

Berarekin izango dira lehian Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Xabat Olaizola, Basozabal, Zelaia IV.a eta Julen Kañamares.