Pontevedrako bi herrixkek Euskotren Ligako jardunaldia hartu zituzten hilaren 18an eta 19an. Ligako zortzi ontziak bertan bildu ziren euren onena emateko eta Donostia Arraun Lagunak-ek eraman zituen bi banderak.
Hilaren 18an, Redondelako Chapela parrokian jokatu zen Ametsa Obrak bandera eta,besteak beste, Enara Arruti (Nortindal Donostiarra) eta Aiora Belartieta (Donostia Arraun Lagunak) herritarrak izan ziren arraunean Donostiako ontzietan. Txanda ezberdinetan izan ziren borrokan.
Nortindal Donostiarrak lehen txandan parte hartu zuen eta lan ederra (11.10,08) eginez, hirugarren postuan amaitu zuen euren estropada eta hurrengo probakoen zain geratu ziren.
Bigarren txandan, azken lehien modura, Donostia Arraun Lagunak-ek hasieratik aurre hartu eta ederki mantendu zuen postua helmugara arte. 10.53,62ko markarekin garaile izan zen.
Ezustekoa Orio Orialkik eman zuen. Mirotzek ez zuten egun ona izan eta 11.21,50eko denborarekin zortzigarren izan ziren. Horren ondorioz, Nortindal Donostiarrak seigarren amaitu zuen eguna.

Egun bat geroago, II. Bandeira Feminina Concello De Bueu lehiatu zen eta txanda nagusian, Lugañene-k berriro bere nagusitasuna erakutsi zuen. Hasieratik erritmo azkarra ezarri zuen eta estropada eremuko errekorra berritu zuen, 10.25,90.
Nortindal Donostiarrak, aldiz, ez zuen egun ona izan eta zortzigarren amaitu zuen jardunaldia, 10.48,25.
Aldea handitu
Hilari amaiera emateko, Fabrika Bandera eta Getxoko estropaden ikurriña izango dira jokoan Donostian eta Getxon (Bizkaia). Abuztuan ere ez dute atsedenik izango. Liga erdia geratzen da oraindik. Baina Donostia Arraun Lagunak-ek ez du jardunaldirik galdu eta horri esker, sailkapen orokorrean 56 puntu ditu. Gainerako taldeekiko errenta handitzen ari da; bigarren den Tolosaldea Arraun taldeak, aldiz, 43 p. eta San Juan Cmos Valves hirugarren da, 35 p.
Taularen behekaldean da Nortindal Donostiarra 15 punturekin eta Zumaiarekin borrokan izango da hurrengo hitzorduetan azken postutik aldentzeko; zumaiatarrek 18 puntu dituzte.