Herriko korrikalariak ederki jardun dira probaz proba

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 17a

Lorea Barkaiztegi, Uxue trail probako podiumean. Arg.: Uxue Trail.

Donostiako Igeldo igoera zein Txirrita lasterketa, Iruñeako La Media San Fermin, V. Triku Harri, Molieres Maratoia, Santamañako kros igoera... Hamaika probatan izan dira herritarrak ekaina eta hil honetan lasterka bai errepidean baita mendian ere. Batzuk lehen postuetan izan dira

Ekainaren 14an, Usurbilgo Uxue Trail proban, 21 herritar izan ziren lehian. Lorea Barkaiztegi (01.14.25) herritarra lehena izan zen eta Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteko (LOTME) Jon Huizi, (59.58) laugarren. 

Egun horretan bertan, Briviescako (Burgos) Maratoi Erdian Mari Carmen Olaso herritarra F55 mailako lehen izan zen eta T3T zein T2T probetan izan ziren Borja Granado (05.42.00), Egoitz Rodriguez (02.51.31) eta Asier Gorostegi (03.54.27) herritarrak.

Sei egun geroago, Jon Presa izan zen podiumera igo zena. La Quadra Mendi Lasterketan (Bizkaia) trail motzeko lehenengoa (01.01.55) izan zen Aloña Mendi taldeko kidea.

Eta Hernaniko Axeri bilan Barkaiztegik berriro ere podiuma egin zuen. Hirugarren (44.54) izan zen senior mailan.

Gainera, lasterketak utzita zituen Raul Gomez Margallo ere ikusi ahal izan da lehian. Ekainaren 13an, esate baterako, Errenteriko Gaztañoko krosean, sailkapen orokorreko laugarren eta beterano mailako bigarren izan zen eta hilaren 12an, aldiz, herritarrik azkarrena izan zen Asteasuko Santamaña kros igoeran.

Gomez Margallo, Santamaña igoeran. Arg.: J. Zatarain