"Bizitzera noan esperientzia herri oso baten elkartasunaren emaitza ere bada"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 17a

MAITANE REBE IGARTUA - ABARKA GKEko kidea

Abarka GKEko kidea da Maitane Rebe Igartua lasarteoriatarra. Erakunde horren barruan, Bizi Kamerun lankidetza proiektuaren sortu du beste kide batzuekin batera, eta orain, urteetako lanketaren ostean, Kamerunera joango da egun gutxi barru 

Datorren astelehenean, hilak 20, Kamerunera (Afrika) abiatuko da Maitane Rebe Igartua herritarra (Lasarte-Oria, 1996). Abarka Gobernuz Kanpoko Erakundeak sustatutako Bizi Kamerun lankidetza proiektuan martxan jarri, eta Dualako umezurztegi batean bi aste emango ditu aipatu erakundeko beste hiru boluntariorekin batera. Haur eta gazteekin kirol, arte eta sukaldaritza jarduerak egin asmo dituzte, baina bidaiaren helburua haratago doa: elkarrengandik ikastea, aurreiritziak apurtzea eta etorkizunean beste pertsona batzuek ere parte hartu ahal izango duten egitasmo bati lehen harria jartzea da. Bidaia prestatzen eman dituzten hilabeteez, herritarren babesaz eta hastear duen bidaiaz hitz egin du TXINTXARRI aldizkariarekin.

Nola hasi zinen Abarka Gobernuz Kanpoko Erakundean boluntario gisa?

2019an ezagutu nuen Abarka, Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterra egiten ari nintzela. Bertako kideak eskola batera etorri ziren euren lana aurkeztera, eta han ezagutu nuen Clotaire, erakundeko presidentea. Nire ikaskide Ainhoa eta biok harekin elkartu ginen, Kamerun ezagutzeko eta han lankidetza proiektu batean parte hartzeko gogoa genuelako. Hasiera batean Europako gazte trukeetan murgildu ginen; Polonia, Italia eta beste hainbat herrialdetako gazteekin esperientziak partekatu genituen. Kamerunera joateko asmoa hasieratik bazegoen, baina pandemiak eta beste hainbat gorabeherak atzeratu egin zuten. Azkenean, zazpi urte geroago, amets hura errealitate bihurtuko dugu berehala. 

Clotairek garrantzi handia izan du, beraz, Abarkan egin duzun ibilbidea egiteko. 

Hasieratik erreferentea izan da. Kamerundarra da, eta beti pentsatu dugu bidaia berarekin egitea izango zela egokiena, berak herrialdea eta kultura primeran ezagutzen dituelako. Azkenean ezin izango da gurekin etorri, osasun-arazo batengatik. Hala ere, urte hauetan egin dugun lan guztiak eta Kamerunen ditugun kontaktuek lasaitasuna ematen digute. Badakigu ez goazela bakarrik; han ere talde bat dugu zain, eta haiek izango dira gure bidelagunak.

Zer lan egiten duzu Abarkan?

Boluntarioa naiz, eta batez ere Euskadin egiten diren proiektuak koordinatzen ditut. Oiartzungo bulegoaren martxan jartzean parte hartu nuen, administrazio lanak eta euskarazko dokumentazioa prestatuz, eta hainbat jarduera ere antolatzen ditugu, hala nola Munduko Arrozak edo Munduko Dantzak ekimenak. Hasieran Europako proiektuetan taldeko koordinatzaile aritu nintzen, baina gaur egun nire lana hemengo egitasmoetara bideratzen dut. Abarkan bakoitzak bere arloa du, eta nik hemengo sare lana eta koordinazioa lantzen ditut.

 

"2019an ezagutu nuen Abarka, Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterra egiten ari nintzela"

 

Abarkak hainbat proiektu ditu martxan. Zer helburu du erakundeak?

Helburu nagusia gizarte bidezkoagoa eraikitzen laguntzea da. Europako proiektuetan gazteen parte hartzea, berdintasuna, integrazioa edo jasangarritasuna lantzen ditugu, baina Kamerunen egingo dugunarekin beste ideia bat dago oinarrian: ez gara inor salbatzera joango. Askotan lankidetzaz hitz egiten dugunean, salbatzailearen irudia sortzen da eta guk hori saihestu nahi dugu. Bertako pertsonek badakite zer behar duten; guk haiekin batera lan egin nahi dugu, haien errealitatetik ikasi eta haien autonomia indartzen lagundu. Azkenean, guk ere asko ikasten dugu esperientzia horietatik.

Bizi Kamerun proiektuarekin joango zara Kamerunera. Zer da Bizi Kamerun? 

Abarkaren barruan sortutako lankidetza proiektu berria da. Aurten lehen aldiz egingo dugu, baina etorkizunean jarraipena izatea nahi dugu. Lau boluntario joango gara Kamerunera, eta Dualako Refuge Meinrad Heag umezurztegian bi aste emango ditugu. Han ez dugu eskolarik emango, ezta eraikinik egingo ere; artea, kirola, sukaldaritza eta bestelako jarduerak egingo ditugu haur eta gazteekin. Garrantzitsuena elkar ezagutzea da, harremanak sortzea eta esperientziak partekatzea.

Zer nolako aurre prestaketa egin duzue? 

Hilabete askotan aritu gara Kamerungo gure kontaktuekin lanean. Hasieratik argi genuen ez genuela hemendik pentsatutako proiektu bat inposatu nahi. Lehenik eta behin, han zein behar zeuden ulertu nahi genuen. Horretarako bilerak egin ditugu, jarduerak elkarrekin diseinatu ditugu eta kulturarteko prestakuntza ere jaso dugu. Izan ere, eguneroko keinu txikienek ere garrantzia dute: nola eskertu, nola jokatu gonbidatu gisa edo nola ulertu bertako ohiturak. Prestakuntza hori funtsezkoa izan da guretzat. Horretan asko lagundu digu Naroak, Clotaireren emazteak. 

 

"Ez dugu eskolarik emango, ezta eraikinik egingo ere; askotariko jarduerak egingo ditugu"

 

Eta Kamerungo bertako erakundeekin ere elkarlanean aritu zarete. Nolakoa izan da hori?

Funtsezkoa izan da. Gure harreman zuzena Edwige Tanke da, WeDev Foundation erakundeko kidea. Berak koordinatu du bertako guztia: umezurztegiarekin harremana, ostatuak, garraioa eta eguneroko antolaketa. Guk hemendik proposamenak egiten genituen, baina beti galdetuz ea egokiak ziren edo benetan beharrezkoak. Horrek aukera eman digu proiektua Kamerungo errealitatera egokitzeko eta ez gure ikuspegitik soilik diseinatzeko.

Zer ikasteko balio izan dizu aurre prestaketa horrek guztiak? 

Lehen uste nuen lankidetza batez ere bidaian bertan egiten zela, baina konturatu naiz lan handiena aurretik egiten dela. Hilabeteak eman ditugu bilerak egiten, materiala biltzen, diru laguntzak bilatzen, jarduerak prestatzen eta kulturarteko prestakuntza jasotzen. Proiektu bat serio egin nahi bada, ezinbestekoa da prestaketa hori guztia. Eta ikasi dut, baita ere, entzutea dela askotan laguntzeko modurik onena.

Zein izango da zuen eginkizuna Dualako umezurztegian?

Jarduera guztiak guk prestatu ditugu, baina taldean bakoitzak bere ekarpena egingo du. Kirola, dantza, artea edo sukaldaritza jarduerak aurrera eramango ditugu, eta dena haur eta gazteekin batera egingo dugu. Ez goaz ezer irakastera; partekatzera goaz. Guretzat garrantzitsuena da harremanak sortzea, elkar ezagutzea eta bi aldeentzat esperientzia aberasgarria izatea.

 

"Hango errealitatea oso bestelakoa da. Ilusio handia dut, baina urduritasuna ere sentitzen dut"

 

Material bilketa egin duzuela aipatu duzu, tartean baita Lasarte-Orian ere. Nolakoa izan da herritarren erantzuna?

Oso ona. Egia da munduaren egoera ikusita, elkartasun kanpaina asko daudela eta ez dela erraza jendearen arreta zureganatzea, baina Lasarte-Orian harrera bikaina izan dugu. Kirol materiala, bizikletak, patineteak, eskola materiala eta beste hainbat gauza jaso ditugu. Gainera, herriko elkarteek, ikastetxeek eta boluntario askok bat egin dute egitasmoarekin. Bereziki hunkitu gaitu konpresa berrerabilgarriak egiteko tailerretan jende askok parte hartu izanak; ehunka ale prestatu dira Kamerunera eramateko.

Bildutako material hori guztia eraman asmo duzue. 

Garrantzitsua da ideia hori argitzea. Bai, material asko eramango dugu, baina ez gara opariak banatzera joango. Adibidez, kirol materiala erabiliko dugu umeekin kirol jarduerak egiteko, eta ondoren han utziko dugu erabiltzen jarrai dezaten. Gauza bera egingo dugu eskolako materialarekin. Ez dugu 'guk daukagu eta zuei ematera gatoz' mezua zabaltzerik nahi; jarduera baten barruan zentzua duten baliabideak izango dira. Lankidetza ulertzeko modua ere bada hori.

Material ugari bildu duzue, baina ekarpen ekonomikoa ere beharrezko duzue.

Zailena hori izan da, finantzaketa lortzea. Ehunka enpresarekin jarri gara harremanetan, eta askok ezin izan dute diruz lagundu. Kontua da batu dugun material guztia edukiontzi batean Kamerunera bidaltzea oso garestia dela, gastu handia suposatzen du. Hala ere, hainbat enpresaren eta norbanakoren laguntzari esker aurrera egiten ari gara. Gainera, jasotako diruaren zati bat umezurztegiko haurrak eskolara joan ahal izateko erabiliko da, han hezkuntza ez baita doakoa. 

Oraindik orain, bada bizum bidez dohaintza egiteko aukera. 

Bai, hala da. Crowdfunding kanpaina bat martxan dugu. Edozein ekarpen da lagungarria, eta bide horretatik lortutakoa, osoki, umezurztegia laguntzera bideratuko dugu. Ekarpena egin nahi duen orok, bizum bidez egin dezake. Dohaintza egiteko kodea 14266 da (Abarka ONGD). 

Hilaren 20an hasiko duzu Kamerunerako bidaia. Nola zaude? 

Ilusio handia dut, baina urduritasuna ere sentitzen dut. Badakit hango errealitatea oso bestelakoa izango dela eta guk ere egokitu egin beharko dugula. Arestian aipatu dudan prestakuntza saioetan azaldu digute, adibidez, gonbidatu gisa jasoko gaituztela eta oso modu berezian tratatuko gaituztela. Guk, ordea, ez dugu distantzia hori sortu nahi; bertakoengandik ahalik eta gertuen egon nahi dugu. Horregatik da hain garrantzitsua errespetuz jokatzea eta bertako kultura ulertzea.

Dualan bi astez egongo zaretela aipatu duzu, baina bidaiak beste geldialdi batzuk ere izango ditu. 

Dualan bi aste eman ondoren Kribira joango gara. Atseden egun batzuk hartuko ditugu, baina aukera aprobetxatuko dugu han lanean ari diren ospitale bateko arduradunak ezagutzeko ere. Lehen aipatu dizudan materiala bidaltzeko edukiontzia partekatuko dugu Iruñeko erakunde batekin, eta haiek ospitale horrekin egiten dute lan. Horrez gain, tribu pigmeo bat bisitatzeko aukera ere izango dugu. Esperientzia oso aberasgarria izango dela uste dut, Kamerungo askotariko errealitateak ezagutzeko aukera emango digulako.

 

"Diruaren zati bat umezurztegiko haurrak eskolara joan ahal izateko erabiliko da"

 

Nolako itzulera izatea nahi zenuke?

Ikuskera ahalik eta irekienarekin joango naiz, eta gauza bera ekarri nahi dut bueltan: beste errealitate bat ulertzeko gaitasuna. Gero, noski, han bizitakoa herritar guztiekin partekatu asmo dugu. Aurkezpen bat egingo dugu, ikus-entzunezko bat prestatzea ere gustatuko litzaiguke eta, batez ere, Bizi Kamerun proiektuak etorkizuna izatea nahi dugu. Gure bidaia lehen pausoa baino ez da.

Hortaz, lankidetza proiektuak bide luzea egitea nahi zenuke.

Gure asmoa da proiektuak jarraipena izatea. Guk biziko dugu lehen esperientzia, baina ikasitako guztia jaso nahi dugu, etorriko diren taldeek bide errazagoa izan dezaten. Horregatik egingo dugu itzultzean aurkezpen bat eta, ahal bada, ikus-entzunezko bat ere prestatuko dugu. Etorkizunean, Kamerunera joan nahi duen edozein boluntariok prestakuntza eta ibilbide bat izatea nahi dugu.

Non emango duzue bidaian bizitako horren guztiaren berri?

Bada, ikasturte berria hastearekin batera, irailaren 12an eta 13an, Donostian aurrera eramango den Boga Boga musika jaialdian egongo gara. Ostean, 17tik 20ra Errenterian egingo den Atlantikaldian ere egongo gara, eta, amaitzeko, urriaren 17an eta 18an, herrian, Euskararen Maratoian egongo gara Bizipozaren eskutik. 

Zer esango zenioke elkarrizketa hau irakurriko duen herritarrari eta modu batera zein bestera, proiektuan bere aletxoa jarri nahiko lukeenari?

Lehenik eta behin, eskerrik asko. Proiektu hau ez litzateke posible izango jende askoren laguntzarik gabe. Eta oraindik lagundu nahi duenari esango nioke edozein ekarpen dela baliotsua. Batzuetan pentsatzen dugu gure laguntza txikiegia izan daitekeela, baina ez da hala. Euro batek, ordubete boluntario gisa emateak edo material apur bat ekartzeak ere sekulako ekarpena egiten dio proiektuari. Azkenean, Bizi Kamerun ez da gure bidaia bakarrik; herri oso baten elkartasunaren emaitza ere bada. Azkenik, sakelako telefono zenbaki bat ere jarri nahi dut honen guztiaren gaineko interesa izan dezakeen inork galderarik edo bestelakorik jakin nahi badu idatz dezan: 688 68 02 33.