23 urtez azpiko zein elite mailako txirrindulariekin ari da borrokan kirolari gaztea SIMA Cepial taldearekin. Marzolek 2025eko azaroan egin zuen salto Danena KEtik Arabako taldera.
Euskadiko Federazioak antolatutako Euskaldun eta Lehendakari txapelketako hainbat probatan parte hartu du, azkena Lete oroimenezkoa-Antzuola saria, Antzuolan. Eta Euskaditik kanpo ere izan da lasterka; hilaren 2tik 4ra Kanaria Uharteetara egin zuen bidaia taldearekin Kanaria Handiko itzulia lehiatzeko.
Hiru etapako lasterketan talde ezberdinetako 140 bat kirolari bildu ziren. Ederki moldatu zen herritarra eta 38. postuan amaitu zuen proba.
Gaztetxoek, atsedenik ez
Kadete mailan dauden Andoaingo Txirrindulari Eskolako kideek ere hainbat lasterketei egin diete aurre azken hilabetean.
Hiru eguneko lehiaketa izan zen lehena. Ekainaren 26tik 28ra, Bizkaian Txuma oroimenezkoan parte hartu zuten Xabat Martin eta Unax Guisado herritarrek.
Leioa, Berango eta Erandion izan zituzten lasterketak. Martinek ezin izan zuen lehen postuetan egon; Guisadok, aldiz, atzean geratzeagatik, ezin izan zuen proba bat ere amaitu.
Lizarran (Nafarroa) ere izan zen herritarrik II. Pereda izozkiak trofeoan borrokan. Ekainaren 28an, Dario Gomezek ausart hasi zuen lasterketa eta erasoa jo zuen, baina atzean geratu eta zortzi kilometro faltan lasterketatik kanpo utzi zuten epaileek.

Hilaren 4n, Amaroz sarian, Tolosan lasterketa bertan behera utzi behar izan zen Apattara igotzen ari zirela; eroriko batengatik zeuden bi anbulantziek lehiaketa utzi behar izan zutelako. Hori baino lehen, Martin lehen postuetan zegoen lehian eta Gomez, aldiz, atze aldean zihoan.
Astigarragan izan zen azken hitzordua, hilaren 12an. Gomez herritarrak parte hartu zuten Irauki Sarian. Lasterketa hasieran pelotoi buru egon eta probari erritmoa eman eta gero, ezin izan zuen proba amaitu.