Hamaika Doinu taldeko txistulariek ekin diote gaurko jardunaldi bero eta hezeari; Karmengo Ama Birjinaren egunari. Oria auzoko zaindariaren omenez egitarautxo bat prestatu zuten La Esperanza auzo elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. Hori horrela, dianaren ostean aurrera eraman dituzte meza eta osteko luntxa. Bata zein bestea girotu zuen udazken honetan 20 urte beteko dituen Xumela koruak.
Euskaraz eta giro ederrean kantatzen zein dantzatzen duen talde hori sortu zutenerako, bazeramatzaten hamarkada batzuk Orian festak antolatzen. 1960an hasi ziren horretan eta erreferentziatzat hogei urte lehenagoko data garrantzitsua hartu zuten, 1940ko azaroaren 6an inauguratu baitzuten Karmengo Amaren kapera. Eraikin hori eta ospakizunak aldatu egin dira geroztik, baina auzo elkarteak zein udalak ohiturari eusten diote oraindik ere.
Abanikoak eta pintxoak
Felix Garitano eta Juan Luis Murua apaizek gidatu dute elizkizuna. Ohi bezala, bertaratu zirenek isilik jarraitu zuten saioa. Otoi egiteko eta abesteko tarteetan izan ezik, eskuekin astindu dituzteabanikoen hotsa besterik ez da entzun.
Meza bukatutakoan, kapera alboko Plazido Mujika plazara joan dira, Gutizi Catering enpresakoek prestatutako pintxoak jatera. Edari freskoekin ezkondu dituzte zizka-mizkak. Xumela koruko kideek girotu dute otordutxo hori, euskarazko abesti ezagun ugari kantatuta eta dantzatuta. Amaieran, ohi bezala, bertaratu diren taldekideek argazkia atera dute.