Castro Urdialesen (Kantabria) hasi zuten asteburua ligako lehiakideek X. Caixabank bandera borrokatzen.
Nortindal Donostiarrak lehen txandan egin zuen arraun eta ezin izan zituen euren aurkariak gailendu. Ziabogan Zumaia baino denbora hobea (06.30) egin zuen arren, bigarren luzean atzean geratu zen Bantxa eta 12.19.96 markarekin zortzigarren izan zen.
Donostia Arraun Lagunak, aldiz, nagusi izan zen. Hasieratik estropadako burua hartu eta errenta handia ireki zuen ziabogan. Bigarren luzean ere erritmoa mantendu zuten eta helmugan 11.42,34 egin zuen. Hamabi minutuetatik jaitsi zen ontzi bakarra izan zen Lugañene eta laugarren bandera irabazi zuen.
'Bantxa', ederki Orion
Egun bat geroago, Orioko XXVII. Emakumezkoen Estropada - Orio Kanpina XIV. Bandera jokatzeko batu ziren Orion eskifaiak.
Enara Arruti herritarra ontzian zela Nortindal Donostiarrak lan ederra egin zuen. Nahiz eta ziabogan Hibaikatik (05.21) bi segundora geratu erlojua, bigarren luze ederra egin zuen Bantxa-k eta lehen txandako bigarren sailkatu (11.18,38) zen Tolosaldearen (11.10,20) atzetik.
Probako sailkapen orokorrean bosgarren amaitu zuen Arrutiren ontziak.

Bigarren txandan, Donostia Arraun Lagunak-ek Tolosaldearen denbora gainditu behar izan zuen. Ziabogara iristean 05.21 eginez, tolosarren marka (05.13) hobetzea zail izan zen Lugañene-rentzat. Baina bigarren luzean ederki bizitu zuten erritmoa eta sei segundorengatik, 11.04,28, garaile izan zen Aiora Belartietaren taldea.
Era honetara, jokatutako jardunaldi guztietan garaipena erdietsi du Donostia Arraun Lagunek eta 40 punturekin ligako buru da. Nortindal Donostiarra, aldiz, zortzigarren postuan da, 11 punturekin.
Eta eskifaiek ez dute atsedenik izango, hilaren 18an eta 19an, Galiziara egingo dute bidaia. Chapela eta Bueu herrietako estropada eremuan neurtuko dituzte indarrak zortzi lehiakideek.