Kiroldegiko obraren eta kreditu aldaketarekin, lanak 2027 bukaeran amaitzea espero du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 14a

Goizalde Pildain Kirol zinegotzia eta alkate Agustin Valdivia, kiroldegiko lanetan.

Lasarte-Oriako Udalbatzarrak kiroldegi berriko proiektuaren konpromezu kredituen aldaketa eta obra-kontratuaren bigarren aldaketa onartu berri ditu. Horrekin lotuta Alkate Agustin Valdiviak eta Kirol zinegotzi Goizalde Pildainek aldaketen eta obraren egoeraren berri eman dute gaur prentsaurrean

"Agerraldi hau eskatzen daramazue denbora asko" hasi du Agustik Valdicia alkateak eta kiroldegi berriko nondik norako guztiak azaltzeko unea iritsi dela iritzita gaur prentsaurrea egin dute Udal Gobernu taldeko kideek. 

Lehenik eta behin azpimarratu du hilaren 9an onartutako moldaketek "Michelin kiroldegiko proiektua  berme guztiekin amaierara" iritsiko dela. 

Era berean, udalburuak lanek atzerapena daramatela onartu eta azken erabakiekin, eraikuntza 2027ko amaierarako prest izango dela aurreikusten dela adierazi du: "Proiektua 2026ko uztailean amaitzekoa bazen ere, datorren urtearen amaierara arte atzeratuko da, hainbat arazo eta ezusteko tarteko". 

Horiek guztiak azaltzeko lanaren historiko bat egin du Valdiviak:

  • 2019an Kiroldegiko proiektuen lehiaketa egin zuen Udalak eta paraleloki, herritarrek ere euren iritzia eman zuten parte hartze prozesu bitartez; bi aldeak bat etorri ziren eta Oriaren gainean proposamenak irabazi zuen.
  • Proiektu horren garapena egin zen eta 18 milioi euro inguruko aurrekontua zehaztu zen.
  • 2023an, obra lizitazioara atera zen.
  • 2024an, Altuna eta Uria eta Moyua enpresek sortutako ABEEak (Aldi Baterako Enpresa Elkarteak) lortu zuen kontratua.
  • Obra hasi eta gutxira, bi alderdietako batek, Moyuak ABEEa utzi zuen eta Altuna eta Uriak aurrera jarraitzea erabakitzen du.
  • Proiektuko zenbait puntu berriro aztertu behar dituela esan zion enpresak udalari. Neurketa arazoak daudela konturatzen dira eta beste aldaketa batzuk ere proposatzen ditu.
  • Udalak guztia aztertzen du; proiektuan gabeziak daudela ikusi eta azken moldaketen txostena egin zein hori onartzea.

Azken puntu hori aurrera eramateko 2025eko urritik lanean daudela jakitera eman du alkateak. Horrez gain, bitartean enpresak bestelako eskaera gehiago egin dituela ere jakitera eman du: "Kalitatea jaisten eta aurrekontua igotzen ez duen bitartean onartu edo atzera bota ditugu". Horren adibide gisa, eraikitzaileak egitura burdinatik hormigoira aldatzeko proposamena egin eta Udalak ezezkoa eman zuela aipatu du: "Aldaketa horrek eraikinaren barne antolaketa eta kalitatea kaltetzen zituen".

Eta proiektuan lanean hasi zenetik gaur egunera arte, pandemia eta eragin zuzena izan duten beste ezusteko batzuk eman direla ere ekarri du gogora: "Krisi energetikoa egon zen, gogoratzen bazarete Suezko kanala gelditu zenean. Eraikuntzako lehengaiak igo ziren... Udalerri honetatik kanpoko ezbeharren aurka borrokatu behar izan dugu, munduko errealitate ekonomikoaren aurka, eta hori bitxia da baina eragin digu".

Azken lanketa horrek guztiak obren gauzatze erritmoan eraginik izan beharko ez luketeela ere azpimarratu du udalburuak: "Onartu den azken moldaketak egin gabe dauden gauzei dagokie".

Proiektu zein kredituen azken doikuntza horiekin, "lanek erritmoa hartzea eta benetan obrak hemendik aurrera arazorik ez izatea espero dugu", onartu du Valdiviak. Eta obra amaitzean enpresarekin lanen atzeratzearen gainean jardungo direla ere jakitera eman du: "Atzerapenaren justifikazioa, pleguak markatzen duen bezala, obra amaieran etorriko da".

Aurrekontua igo

Obraren proiektuaren moldaketaren ondorioz, lanen aurrekontua 17,9 milioi eurotik 22 milioi eurora igoko dela jakitera eman du alkateak eta lau milioi horiek honela banatzen direla azaldu du:

  • Hasieran aurreikusi gabeko ezusteko arazoentzat, 2,5 milioi euro.

  • Neurketa-akatsak zuzentzeko, 1,4 milioi euro.

Gauzak honela, Udal aurrekontuak ere berregituratu behar izan dituztela jakitera eman du: "2026 urtean, 5 milioi euro bideratuko dira gastura, eta gainerako 9.890.000 euroak 2027ko ekitaldira igaroko dira obra amaitzeko".

Guztia aurrera eramateko finantzaketa lortzeko Hipodromo Etorbideko etxebizitzak saldu eta 10 milioiko mailegua eskatu dela azaldu du alkateak: "Udal honentzako ordainketa egoki bat ahalbidetzen duena, hurrengo 15 urteetan egin dezakeguna. Eta horrek beste gauza batzuetan inbertitzen jarraitzeko aukera ematen digu, kiroldegia bakarrik egitera hipotekatu gabe".

Irisgarritasuna eta inklusioa

Eraikuntzari dagokien nondik norakoak alde batera utzita, Goizalde Pildain kirol zinegotziak azaldu duenez urte bete baino gehiago da kiroldegiko edukian ere lanean dihardutela, zehazki, kirol kudeaketan eta irisgarritasunean: "Bi enpresarekin ari gara lanean eta kiroldegi honetarako ahalik eta eredu onena zehazten laguntzen ari zaizkigu".

Kirol elkarteekin eta beste alderkiekin bilerak egiten jarraituko dutela ere azpimarratu du kirol arloko arduradunak: "Kirol elkarteen beharrak entzuteko eta proposamenak jasotzeko, eta kiroldegi berria egunero erabiliko dutenen errealitateari erantzun diezaion egiteko".

Kirol Zerbitzuaren helburua "espazio bizi, irisgarri eta, batez ere, inklusibo bat sortzea" dela adierazi du Pildainek: "Lasarte-Orian kirola indartuko duena eta herritar guztientzat aukera berriak sortuko dituena".

Izan ere, irisgarritasun unibertsalean jarri nahi baitu marka udalak eta horren adibideetako bat izango da igerilekua Valdiviaren hitzetan: "Igerilekuak hamar kale izango ditu, ez bakarrik igeri egiteko, baita desgaitasunak dituzten pertsonekin ikastaroak egiteko ere. Igerileku txikia, berriz, ohikoa baino handiagoa izango da, fisioterapia eta errehabilitazio zerbitzuak eskaini ahal izateko".

Kritikak ulergaitzak

Azalpen horiez guztiez gain, alkateak oposizioak egindako kritikei erantzun nahi izan die: "Oso arraroa egiten zait osoko bilkuran edo sare sozialetan agertzea gobernu taldea hainbeste kritikatuz, eurak lehen egunetik baitute Michelinen kiroldegiaren proiektuaren berri eta gauza guztien arrazoiak baitakizkite".

Proiektu honen aurrekontuagatik erabaki guztiak udalbatzarreko osoko bilkuretan hartzen direla eta honi buruzko guztia batzordeetan tratatu dela nabarmendu du. 

Osteguneko bilkuran, gainera, oposizioak kiroldegiko obrak legegintzaldi berrian eragina izango zuela kritikatu zuela adierazi du: "Nik azaldu nuen jada eta berriro uzten dut agerian 2027ko aurrekontuari eragiten diola. Egungo gobernuaren ahala eta eskumena da hori, eta horrela diseinatzen ari gara, ez gara 2028ko aurrekontuan sartzen ari". 

Izan ere, obraren amaiera eta horren edukia lizitatzeko prozesua 2027an egitea aurreikusten baitu Udalak: "Kiroldegiko makineria, altzariak eta zerbitzuak lizitatzeko prozesua paraleloan landuko da, datorren urte amaierarako dena prest egon dadin eta obra amaitzean kiroldegia berehala martxan jarri ahal izateko".