Udala: "Normaltasun osoz eta modu baketsuan hustu dugu eraikina"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 14a

Oztarango eskola zaharraren huste prozesua amaitu eta gutxira oharra argitaratu du Lasarte-Oriako Udalak. "Jarduera baimentzen zuen aldeko ebazpen judiziala lortu ostean gaur goizean burutu dugu ekintza. Normaltasun osoz eta modu baketsuan egin dugu esku hartzea", adierazi dute ordezkariek. Udaltzainek, ertzainek eta udaleko Gizarte Zerbitzuetako departamentuak parte hartu dutela jakinarazi dute.

"Eraikinaren barruan zeuden pertsonak beren borondatez atera dira instalazioetatik. Gehienek atzo egin zuten, eta oraindik eraikinean zeuden lau pertsonek gaur goizean egin dute, indarrezko jardunik behar izan gabe", azaldu dute. "Eraikina husteko antolatutako dispositiboan Ertzaintzak eta Udaltzaingoak parte hartu dute, baita udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek ere. Azken horiek bertan egon dira, hala eskatuz gero, pertsona horiei arreta eta gizarte laguntzako baliabideak eskaintzeko".

Jarduera horrekin, udal ordezkariek jakinarazi dute amaitutzat eman dutela prozesua, "egitura eta osasungarritasun arazoak dituen eraikin batean sortutako egoera dela-eta". Horren ondorioz, "pertsonen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak" hartu dituztela zehaztu dute.

Operazio horren garapenean parte hartu duten alde guztien "laguntza eta jarrera" eskertu dituzte, "egoera istilurik gabe konpontzea ahalbidetu baitute".