Ia 9 milioi euro inbertituko ditu udalak datozen hilabeteetan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 13a

Askatasunare plazan haurrentzako parke berria eraikiko dute.

Udalbatzak berriki onartutako kreditu aldaketak aukera emango die udal azpiegitura, espazio publiko, ekipamendu eta zerbitzuetan "jarduera estrategikoak" gauzatzeko. Asfaltatze kanpaina, Askatasunaren parkean haurrentzako egingo duten parke berria eta euskaltegi zaharrean 'coworking' gunea sortzea nabarmendu dituzte Agustin Valdivia alkateak eta Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek, beste esku hartze batzuen artean.

Datozen hilabeteetan 8,7 milioi euroko inbertsio sorta egingo dutela jakinarazi dute bi udal ordezkariek. Esku hartzeak xehetu aurretik, "lasaitasun mezua" helarazi diete herritarrei: "Udalerriak kontu publiko oso saneatuak ditu; gihar ekonomiko oso indartsua dugu eta aukera dugu inbertsio handiak egiteko udalaren finantza egonkortasuna arriskuan jarri gabe". Hori horrela, aurreko ekitaldiko aurrekontua likidatu ondorengo gerakina erabiliko dute, udalbatzak joan den osteguneko bilkuran kreditu aldaketa onartu ondoren. "Aspaldi hasitako plangintzarekin jarraitu ahalko dugu, gastu araua eta Plan Ekonomiko Finantzarioa betetzen jarraitu bitartean".

David Mateos eta Agustin Valdivia, kreditu aldaketari buruzko azalpenak ematen. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Jarduera garrantzitsuenak

Ia 9 milioi horietatik diru gehiena (750.000 euro, zehazki) asfaltatze kanpaina gauzatzera bideratuko ditu udalak. "Kale askoren egoera hobetzea eta bide segurtasuna indartzea" da helburua. Bestalde, haurrentzako parkeei dagokienez, Askatasunaren plazatxoan berri bat eraikiko dute eta berritu egingo dute Oztaran auzokoa. 685.000 euro inbertituko dituzte horretarako.

Ia-ia kopuru bera, 680.000 euro, erabiliko dituzte euskaltegi zaharra dagoen eraikina aldatu eta bertan coworking deitzen zaion erabilera anitzeko espazioa eraikitzeko. "Tokiko elkarteek bilerak, jarduerak eta erabilera partekatuak egin ahalko dituzte". Eta beste 640.000 euro inbertituko dituzte saneamendu sareetako jarduketetan, zehazki, toki hauetan: Juan XXIII, Erribera kalea, Buenos Aires aldapa eta Zumaburu kalea. Horrez gain, "udalerriko hornikuntza sarearen egoerari buruzko azterketa integrala" burutuko dute.

Eraginkortasun energetikora bidean urrats gehiago egingo dituztela iragarri dute Valdiviak eta Mateosek: 548.701 euro bideratuko ditu udalak argiteria publikoa berritzeko hirugarren fasera. "Elektrizitate kontsumoa murriztuko dugu eta argiztapena hobetuko dugu oraindik nahikorik ez dagoen tokietan". Bestalde, Landaberri ikastetxearen fatxada "erabat" berrituko dute, 477.327 euro inbertituta. 

Jarduera horiek guztiak, beti agerikoak ez izanagatik, udalerriarentzat "ezinbestekoak" direla azpimarratu dute Valdiviak eta Mateosek. "Herritarrek egunero ikusten dutenetan inbertitzen dugu, baita udalerriak behar bezala funtzionatzea ahalbidetzen duten azpiegituretan ere". Datozen hilabeteetako esku hartze nabarmenenen berri emateaz gain, etorkizunekoetan lan egitera 200.000 euro bideratuko dituztela iragarri dute: "Jarduera berriak prestatzeko balioko diguten azterketa eta proiektu teknikoak idazteko izango dira". 

Amaitzeko, eta kopuru zehatzik eman ez duten arren, esku hartze gehiagoren berri eman dute. Esate baterako, Atsobakarreko kirol gunean harmailak garatzeko behar duten lursaila erosteko partida bat gordeko dute. "Eragiketa hori osatu ahalko dugu Usurbilgo udalerriak hirigintza izapideak amaitzen dituenean, hurrengo hilabeteetan".