Lasarte-Oriako Udalak espazio publikoa hobetzeko kanpaina berri bat martxan jarri du, eta, besteak beste, asfaltatze lanak egingo ditu udalerriko zenbait eremutan. Horrez gain, ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune berriak jarriko dituela ere aditzera eman du. Eskuhartze horiek "bide sarea egoera onean mantentzeko eta mugikortasun iraunkorragoa sustatzen jarraitzeko" jarduerak direla adierazi du erakundeak.
Parke Botanikoan eta Zumaburu parkean aurrera eraman dituzte lehen asfaltatze lanak, eta, egunotan, berriz, Buenos Aires Aldapan eta Sasoetako biribilgunean ariko dira lanok egiten.
Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateos Jimenezek lan horien gaineko honako adierazpenak egin ditu: "Kaleen mantentze lanetan aurrera egiten jarraitzen dugu plangintza batekin, eta, horri esker, zoladurak higadura handiagoa duen lekuetan jardun dezakegu. Badakigu zeregin horiek eragozpen puntualak sor ditzaketela, baina egunero erabiltzen ditugun espazioen segurtasuna, erosotasuna eta kalitatea hobetzeko beharrezko esku hartzeak dira".
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko bi gune berri
Era berean, hasi dituzte ibilgailu elektrikoak kargatzeko bi puntu bikoitz jartzeko lanak. Horiek astebete inguru iraungo dutela aurreikusi du udalak. Kargagailuetako bat Beko Kale 1ean kokatuko dute anbulatorioko sarreraren parean, eta bestea, berriz, Atsobakarren, atletismo pisten parean. Bi ekipoek 22 kweko bi hargune izango dituzte, korronte alterno trifasikokoak eta bi motako konektoreak dituztenak. Beko Kalen dagoen gunea Eve Moves III programaren bidez diruz lagunduko da.
Mateosek azpimarratu du udalak gaur egun dauden azpiegiturak kontserbatzeaz gain, udalerriaren egungo beharrei erantzuten dieten zerbitzu berriak martxan jarraitzen duela: "Birkarga sarea handitzeak ibilgailu elektrikoaren erabilera erraztuko du, eta mugikortasun eraginkorragoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa lortzeko beste urrats bat da".
Udalak kaltetutako guneetan jarritako behin-behineko seinaleztapenari arreta jartzea gomendatzen du eta eskuhartze horiek irauten duten bitartean auzokideen laguntza eskertu nahi du. Gogorarazi dute gerta litekeela zirkulazioan, aparkalekuan eta Manttangorri hiri autobusaren zerbitzuan "eragin puntualak" izatea. Hori horrela, "herritarren ulermena" eskertu du eta zati bakoitzean jarritako behin-behineko seinaleak jarraitzea gomendatu du.