Atsobakarreko ur parkeko "ekintza bandalikoa" deitoratu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 10a

Ur parkeko zenbait hodi hartxintxarrez bete zituzten atzo gauean. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Azpiegitura horretako zenbait hodi hartxintxarrez bete zituzten atzo gauean, udal ordezkariek jakinarazi dutenez. Gehitu dute goizeko lehen ordutik bertaratu direla teknikariak, parkeak jasandako kalteak ebaluatzeko eta funtzionamenduan kalterik eragin ote duen egiaztatzeko. Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateos haserre dago gertatutakoarekin: "Zaila da ulertzea hainbeste familiak erabiltzen eta gozatzen duten espazio bat suntsitu dezakeenik norbaitek. Guztiz onartezinak dira horrelako jokabideak".

Mateosen hitzetan, atzokoa bezalako ekintzen ondorioak "kostu ekonomikoetatik askoz harago" doaz: "Arriskuan jar dezake erabiltzaileen segurtasuna eta konplexutasun tekniko handiko matxurak eragin ditzake". Horri lotuta, azaldu du Atsobakarrekoa bezalako azpiegitura bat posible dela aste edo hilabete batzuez itxi behar izatea: "Ponpatze, iragazte edo kontrol sistemetan edozein kalte izanez gero, denbora behar izaten da ekipoak ordeztu eta beharrezko egiaztapenak burutzeko". Hori horrela, ondorioak "espazio horretaz normaltasunez gozatu nahi duten auzotarrek" ordaintzen dituzte.

Jazotakoaren aurrean "erantzun kolektiborako eta ondasun komunak errespetatzeko" deia egin du Zerbitzu Publikoetako zinegotziak, erakundearen jabetzako instalazioak "herritar guztien ondarea" direla azpimarratuta. "Espazio publikoez gozatzeak horiek zaintzea ere badakar. Gizalegea, errespetua eta lankidetza eskatzen ditugu, horrelakorik berriro pasa ez dadin. Ekintza bakoitzak herri osoa kaltetzen du", gaineratu du.

Hori gutxi balitz, gogorarazi du ondare publikoari eragindako kaleek "erantzukizun administratiboak eta penalak" eragin ditzaketela, baita eragindako kalte ekonomikoak konpontzeko betebeharra ere. Norabide horretan, informazio guztia bilduko dute gertatutakoa argitzen eta erantzulea edo erantzuleak identifikatzen saiatzeko. Lortuz gero, dagozkion ekintzak gauzatuko dituzte erantzukizunak eskatu eta eragindako kalteak erreklamatzeko.

Hartxintxarrez betetako hodietako bat. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.