Euskal Jaiaren egitaraua aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 10a

Irailaren 26an ospatuko da Euskal Jaia, herrian. Elkarlanean antolatutako egitaraua aurkeztu dute Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak. 

Iazko edizioaren  arrakastatik abiatutako egitaraua aurkeztu dute aurtengo Euskal Jaia ospakizunaren egitaraua, Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. Irailaren 26a izango da egun handia. Goizeko 09:30etan hasiko da festa, eta gaueraino luzatuko da, hots, 01:00ak arte. 

Musikak protagonismo handiagoa izango du, aurten. Izan ere, bost jarduera antolatuko dira haren inguruan: Txistularien diana, Alboka abesbatzaren emanaldia eta ondorengo kantu-jira, Andoni Ollokiegiren bazkalosteko saioa, arratsaldeko kalejira, dantza saioa, Oaintxe in deu! txarangaren poteo musikatua eta iluntzeko kontzertu bikoitza. Gazteek iaz egindako eskaerari jarraiki, bi talde oholtzaratuko dira, bakarra beharrean. Kasu honetan, Antiguoko Herenegun taldea, lehendabizi, eta Auskalo herriko erromeri taldea, jarraian. 

Aurreko edizioan izandako harrera beroa dela-eta, beste behin antolatuko dute Euskal Herriko Emakume Sortzaile eta Ekoizleen azoka. Horretarako, Dinagu Kolektiboko artistak Okendo plazan bilduko dira, goizean zehar. Azoka ez ezik, herriko bazkaria ere errepikatuko dute. Dena den, ez da ziro-janik izango, eta haurrentzako menua eskainiko dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, txartelak irailean jarriko dira salgai, eta bertan emango dute menuaren berri. Helduek 25 euro ordaindu beharko dituzte, haurrek, aldiz, 15. 

Aurtengo nobedadeak 

Alde batetik, kuadrillen arteko Igo Euskal Jaiak Proba Mistoa egingo da. Zabaletako irabazleek desafioa bota zuten, ekainean, eta dagoeneko hainbat talde animatu direla adierazi dute antolatzaileek. Dena den, beste inork parte hartu nahiko balu, kultura@lasarte-oria.eus helbidera mezua bidali beharko du izena emateko. 

Bestetik, Okerra harria txapelketa egingo da, iazko erakustaldia beharrean. Lasarte-Oriako Euskal Jaiaken ikurra izanik, helburua da Okerra harria nabarmentzea, Estitxu Alkorta Euskara saileko arduradunak adierazi duen bezala. 

Bukatzeko, aitortza egingo diote herriko eragile bati. Lehenengo aldi honetan, euskara sustatzeagatik nabarmendu den elkarte, norbanako edo eragile batek jaso du errekonozimendua. Gogora ekarri dute Euskararen Maratoia ospatuko dela, aurten, eta hori izan dela erabakia hartzeko irizpidea. Era berean, sarituak Zurmailu Zurlanketa Elkarteak egindako Okerra harriaren erreplika jasoko duela aurreratu du Agustin Valdivia alkateak. 

Herriko eragileekin elkarlanean

Programa ontzeko, herriko hainbat eragilerekin aritu dira elkarlanean. Mari Karmen Ormazabal Ttakun K.E.ko ordezkariak adierazitakoari jarraiki, argi dute taldelana izan zela aurreko urteko harrera onaren gakoetako bat. Hori dela-eta, herriko hainbat agentek parte hartuko dute: Lasarte-Oriako Txistulari Taldea, txalapartariak, Alboka Abesbatza, Zero Sette, Zabaleta Auzolan, Earra Bertso-Eskola, Oiarte, Ostadar, LOZET, Zurmailu, Tirriki Tarraka, Erketz Euskal Dantza Taldea, Plazadantza taldea, Kukuka, Oiantxe in deu! txaranga eta Auskalo Taldea.