Eskatzaile bakoitzak jaso dezaketen ekarpena urtean ingresatzen duten diruaren araberakoa izango da. Gauzak horrela, 25.000 euro edo gutxiago jasotzen duenak, 110 euroko laguntza izango du. 25.001 eta 33.000 euro artean ingresatzen duenak, berriz, 90 euroko laguntza izango du; eta 33.001 eta 40.000 euro bitartean dabilenak, aldiz, 50 eurokoa. Dirulaguntza horiek, herriko komertzioetan gastatu beharko dituztela azpimarratu dute udal ordezkariek.
Lehen edo Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloak egiten ari diren ikasleei zuzenduta dago dirulaguntza lerroa, eta eskatzaileak Lasarte-Orian erroldatuta egon behar du gutxienez 2026ko urtarrilaren 1etik (etenik gabe), nahiz eta ez den derrigorrezko herriko ikastetxeetako ikasle izatea.
Valdiviak eta Iglesiasek ohartarazi dute laguntzak eskatzeko erosketa tiketak aurkeztu beharko dituztela eskatzaileek; hori horrela, uztailaren 1etik irailaren 30era artean egindakoenak gordetzeko deia egin dute. Eskaerak egiteko bi modu izango dituzte interesdunek. Alde batetik, eskaera orria udalean bertan entregatuta, eta, betetik, berriz, erregistro elektroniko bidez. Hala, argitu dute zein den dirulaguntzak barne hartzen duen erosi beharreko materiala: idazmahaiko materiala (arkatzak, boligrafoak, ezabagailuak, erregelak, koadernoak, eta abar); material ez suntsikorrak (karpetak, sailkagailuak, artxibagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, eskolarako bizkar zorroa, etab.); eskolara joateko beharrezkoak diren jantziak (uniformea, betaurreko eta lentillak, heziketa fisikoa egiteko arropa eta oinetakoak); eskulanetarako elementuak (argizariak, pintatzeko olioak, pinturak eta pintzelak); eta, teknologia berriak, ekipo informatikoak, hardware eta software mota guztiak.