Ostadar SKTk bi domina gehiago, Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 3a

Ostadar SKTko Maider Rekondo (erdian) eta Oihana Igarriz (ezkerrean), podiumean. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Hilaren 1ean, Donostiako miniestadio berria estreinatzeko proba libreetako jardunaldia lehiatu zen. Horren barruan, disko jaurtiketako Gipuzkoako txapelketa izan zen jokoan eta Ostadar SKTko bi kide podiumean izan ziren

Lasarte-Oriako atletek hilaren 1ean Donostiako miniestadio berriatuari ongi etorria egin zioten lehiatzen; dominak jantzi zituzten eta markaren bat ere ontzea lortu zuten.

Dominak disko jaurtiketako proban eskuratu zituzten Ostadar SKTko Maider Rekondo eta Oihana Igarrizek. Gipuzkoako txapelketa lehiatu zen saioan eta lehenak denboraldiko marka ondu zuen 45,70 metroko jaurtiketa eginez eta urrea jantzi zuen; Igarrizek, aldiz, zilarrezkoa, 34,47 metroko markarekin.

Horiez gain, Real Sociedad taldeko Hodei Garciak bere marka hobetu zuen 100 m. (11,44) eta 200 m. lasterketan (22,82) eta Bidasoa Atletiko taldeko Julen Goenagak gauza bera egin zuen 800 metrokoan, 01.56,58.

Ez da hau denboraldiko azken lehiaketa izango Ostadar SKTko kideentzat; Eider Redondok hilaren 4an eta 5ean 18 urtez azpiko Espainiako txapelketan parte hartuko du. Heptatloi proban lehiatuko da Lasarte-Oriako kidea eta proba ezberdinei egin beharko die aurre bi egunetan: 100 m. hesi, 200 m. eta 800 m. lasterketak, altuera jauzia, luzera jauzia, pisu jaurtiketa eta xabalina jaurtiketa.