Aterpea merkatarien elkarteko kanpaina batzuk "udako klasiko" bihurtu dira dagoeneko Lasarte-Orian. Horietako bat da Eskuratu 1.000 euro egitasmoa. Horren berri eman du egunotan aipatu merkatarien elkarteko lehendakari Mabel Pedreirak. Agerraldi horretan izan da Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandez Castrillo ere.
Ekimenak urtez urte herritarren interesa pizten duela nabarmendu du Pedreirak, eta esan, uztailaren 6tik 19ra bitartean, erosketak kanpainara atxikitako edozein establezimendutan egiten dituzten bezeroek zozketan parte hartzeko txartel bat jasoko dutela. Epealdi hori igarota, irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du erosketa txarteletan, eta arratsalde bakar izango du horiek erabilita erosketak egiteko. Uztailaren 23a izango da horretarako eguna, 17:00etatik 20:00etara.
Hiru ordu horietan, ibilgailu bat izango du eskura, eta Aterpeako pertsona batek lagunduta joango da bertan irabazlea. Gainera, erosketak ahalik eta negozio gehienetan egiteko helburuarekin, saltoki bakoitzean gehienez hamar txartel erabili ahal izango ditu sarituak. Zerbitzua momentuan gozatu ezin den establezimenduetan, hala nola ile apaindegietan, estetika zentroetan, jatetxeetan edo bidaia agentzietan, bonuak edo baleak jasoko ditu trukean.
Aurkezpenean, Mabel Pedreira Aterpeako presidenteak azpimarratu du elkarteak antolatzen duen kanpainarik "gozoena" dela, baita "bezeroek gehien espero dutenetako bat".
Merkatarien elkarteak udalerriko merkataritza jarduera dinamizatzeko egiten duen lana jarri du balioan Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandez Catrillok, eta nabarmendu, horrelako ekimenek laguntzen dutela "bezeroak leialtzen eta Lasarte-Oriaren identitatearen eta eguneroko bizitzaren parte den sektore bat indartzen". Era berean, herritarrak animatu ditu erosketak tokiko establezimenduetan egitera.