Euskotren Ligako ontziek Madrilen dute lehen hitzordua

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 25a

Aiora Belartieta (brankan), 2025eko Petronor banderako ziaboga egiten. Arg.: A. Arrizabalaga/Euskotren Liga

Lasarte-Oria San Pedro jaietan murgilduta egonda ere, herriko Aiora Belartieta eta Enara Arruti arraunlariek Euskotren Ligari hasiera emango diote hilaren 28an. Buitrago del Lozoyako urtegian (Madril) lehiatuko dute denboraldi honetako lehen hitzordua

Astillero, Donostia Arraun Lagunak, Nortindal Donostiarra, Hibaika, Orio, San Juan, Tolosaldea eta Zumaia; horiek dira aurten Euskotren Ligan borrokan ibiliko diren zortzi ontziak. 

Ligako lehen erronka itsasotik urrun izango dute, ordea; Buitrago del Lozoyako urtegian (Madril). Isabel II. kanala-175. urteurrena bandera izango dute jokoan.

Hasierako pistola tiroaren ostean, atsedenik ez dute izango arraunlariek; asteburuko bina jardunaldi izango dituzte eta Kantauri zein Atlantikoko uretan lehiatuko dira Euskadin, Kantabrian zein Galizian. Abuztuaren 22-23ko asteburuan amaituko da txapelketa Zarautzen. Orduan jakingo da aurtengo trofeoa nor eramango duen etxera.

Denboraldiaurrean, Donostia Arraun Lagunak-ek titulua berresteko prest dagoela erakutsi du Gipuzkoako, Euskadiko zein Espainiako txapelketak irabaziz. Aiora Belartieta herritarra izango da Lugañene ontziko kideetako bat; zazpi urte daramatza taldean eta lau liga irabazi ditu.

Bestalde, Donostiako beste eskifaian ere izango da herritarrik; Enara Arruti Bantxan lehiatuko da. Bigarren urtea izango du Lasarte-Oriako gazteak.

Garaikur banaketa

Liga hasi baino lehen, hilaren 19an, Eusko Label eta Euskotren Ligen aurkezpen gala egin zen Donostian Aquariumean eta, besteak beste, 2025 denboraldiko txapeldunak izan ziren protagonistak. Donostia Arraun Lagunakeko arraunlariek Euskotren Trofeoaren erreplika jaso zuten eta Orio Orialkiko arraunlariek, aldiz, CaixaBank koroarena.