Asanbladan adostutako mobilizazio dinamikarekin jarrituz, beharginek azpimarratu dute "udal barneko egoera kezkagarriak" herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuetan eragin zuzena duela. Zehaztu dute "onartutako akordioak ez betetzeak, langileen aldarrikapenei entzungor egiteak eta langileen ordezkariekin negoziaketa erreal bat izateari muzin egiteak" langileei zein herritarren kalterako diren ondorioak dauzkala.
Hala, gaineratu dute "gehiegizko lan kargek eta antolaketa arazoek" zenbait udal zerbitzu kolokan jarri dituztela, eta horrek guztiak herritarrentzako arreta okerragoa eragiten duela: Hori zertan antzematen den ere argitu dute: izapideak atzeratzen dira, telefono deiak ez dira erantzuten, hitzorduak lortzeko itxaron
zerrendak luzatzen dira eta matxurak berandu konpontzen dira, besteak beste. Hori guztia kontuan hartuta, aurrera eraman duten azken elkarretaratzean udal beharginek nabarmendu dute beraien lan baldintzak ez errespetatzeak "herri osoan" eragina duela.
Gauzak horrela, ELA sindikatuko ordezkariek udal gobernuari eskatu diote egoerari aterabidea emateko borondate politikoa adierazteko. Era berean, adierazi dute agintari politikoek jarrera aldatu ezean, langileen ordezkaritzak mobilizazioetan jarraitzeko determinazioa adierazi duela.