Kantuen eta hitzen bitartez hausnartu dute identitateaz

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 23a

Jon Maia Soriaren solasaldiarekin eta Xumela koruarekin kantuekin amaitu du Borobilean elkarteak ikasturte honetako jarduna. Jakin mina sortu du hitzorduak; mukuru bete da aretoa

Hiru ikasturteko bidea urratu du Lasarte-Oriako Borobilean elkarteak. Herritarrak “informatzea, sentsibilizatzea eta aktibatzea” izan dira denbora horretan guztian aipatu elkarteak lehen lerroan jarri dituen helburuak, eta horretarako, hamaika hitzaldi antolatu ditu hilero-hilero. Xumela koruak, berriz, ibilbide luzeagoa egin du jada: hogei urte bete ditu aurten.

Hori gogoraraziz hasi du Borobilean elkarteko kide Joxe Mari Agirretxek hil honetako saioa, eta noski, solasaldiko gonbidatu Jon Maia Soriaren aurkezpena egin du. Bertsolari, idazle, dokumental egile eta asko maite duen lagun gisa aurkeztu die Antonio Mercero aretoan batu direnei

Protagonista nagusiari hitza eman aurretik, ordea, Josu Txapartegi Txapas eta Joserra San Sebastianen laguntzarekin lehen kantua abestu dute Xumelako lagunekin batera. Maia berak idatzitako Itsasoa gara abestia kantatu dute denek elkarrekin, Maiak berak ere bai.

Askotariko abeslari eta musikarientzat idatzi dituen abestiez galdetu dio gero Agirretxek; zenbat izan diren jakin nahi izan du. Maiak erantzun dio 240 bat idatzi dituela, hala nola, Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzat, Benito Lertxundirentzat eta Anarirentzat. Hala, azaldu du lehen-lehen letra hemezortzi urterekin idatzi zuela: Negu Gorriak taldearentzat Gora herria.

Azpimarratu du kantuak idaztea “oso gauza polita” dela: “Zuk egiten duzu, hiruzpalau minutuko gauza bat, eta gero, txoriek bezala, kantuen euren bizitza propioa hartzen dute. Hegan joaten dira eta ez dakizu non agertuko diren. Bat-batean, autobusean zoaz eta zure kanta agertzen da, edota sanferminetan zaude, eta zure kanta entzuten duzu. Ez zara sekula ohitzen; beti da hunkigarria ikustea gure txori horiek nola jarraitzen duten bizirik behin sortuak, eta gainera, hain aspaldi eta oraindik jendeak abesten ditu”.

Hari horri tiraka, duela 600 urte inguru sortu zen euskal kantu zaharraz hitz egin die bera entzutera joandakoei: Bereterretxeren Khantoria. Abestiak zeren berri ematen duen ere azaldu du Maiak: “Kontatzen du Berreterretxeko jauna nola hil zuten, boteredun familien arteko borroka batean”. Hain zuzen ere, ematen duen informazio horri esker eta melodia ere “mediebala” izanik, pentsa daiteke 1400 urtean sortua izan zela, “borda batean, kandela baten argitara”.

Ostean azaldu du kantu hori 1913. urtean aurkitu zutela lehenengoz idatzita. Hori horrela adierazi du, horrek esan nahi duela sortu zen egunetik, gaur Lasarte-Orian kantatua edo aipatua izateraino abestiak 600 urteko bidaia bat egin duela. Hori hala izateko transmisioak izan duen garrantziaz ere hitz egin du gero. Halaber, azpimarratu du denbora horretan guztian “oso gauza gutxi” gertatu direla kantu horren bizitzaren alde. Jazo diren gertakizun historikoak (gerrateak, iraultzak, zatiketa administratiboak eta bestelakoak) ekarri ditu gogora, eta esan, horiek gertatuta ere eta horiek guztiak aipatu kantuaren hizkuntzaren kontra joanda ere, abestiak lortu duela, mendez mende bidaia egitea. “Giza kate infinitu batek ekarri du kantu hori bizirik borda zahar hartatik Lasarte-Oriaraino, aro digital eta globaleraino”. Hori “sekulako garaipena” dela euskal komunitate batentzat. Horrek guztiak “gutaz zer pentsatua” eman ziola ere adierazi du, eta, honako adierazpenok gaineratu ditu: “Askotan ez gara kontziente gure gaitasunez, eta ez ditugula ospatzen beti gure garaipen historikoak, zeren kantu hori gaurdaino bizirik iristea garaipena izugarria da, euskarak milaka urtetan bizirik irautea bezala”. 

Prestatzen ari den dokumentala

Une honetan eskuartean duen lanaz aritu da ondoren: Euskal Herria XXI. Mikroa eskuan hartu, eta hizketan hasita, ezer baino lehen, entzuleei jakinarazi die lantzen ari den dokumentalaren lagin bat lehen aldiz Lasarte-Orian erakutsiko duela, “primizian”. Hala, jakinarazi du aurtengo Zinemaldian ez, datorren urtekoan estreinatzea dela asmoa eta ez duela hitzik izango, hau da, irudiak eta musika baino ez dituela erakutsiko.

Identitatea da Maiarentzat gairik zentralena, “borroka guztien ama”, eta hori ardatz hartuta ari da ikus-entzunezkoa lantzen. Hori bai, “identitatea zentzu askotan”, hots, nazionala (euskal herritartasuna), generoarena, eta abar. Une hori baliatu du maiz gogorazten duen zerbait akordura ekartzeko; Zamoratik eta Extremaduratik Euskal Herrira bizitzera etorritako gurasoen semea dela eta “horiei esker” dela bera euskalduna.

Azaldu du ontzen ari den lanak Zer esaten dugu Euskal Herria esaten dugunean? Nola jarraitu gu izaten, berrituz, baina, garena, gure identitatea galdu gabe?. Nola egiten da hori? Nola lortu ez diluitzea? Galdera eta kezka horietatik abiatuta ontzen ari da dokumentala. Eta behin zinematan erakutsita, nahi luke hori ikustera joandakoek pentsatzea ‘uau, ez nuen imajinatzen hau dena zenik Euskal Herria’: Nahi nuke izatea erreminta bat gu berri hori eraikitzeko.

Hori esanda, ikus-entzunezkoa osatzeko erabili dituen zenbait irudi erakutsi dizkie aretoan bildutakoei, eta nabarmendu du irudi horietan erakutsitako errealitatetatik datozela milaka euskaldun. Orobat, adierazi du, egun Euskal Herrira datozenen seme-alabak ere izan beharko luketela etorkizuneko bertsolariak, idazleak, musikariak, e.a. Beste behin ere, bere sustraiak gogora ekarrita, azpimarratu du izan daitezkeela euskaldunak eta baita euskararen eta Euskal Herriaren alde bizitzaren zati handi bat emango dutenak, hain zuzen ere, “pertenentzia sentimendua” eraiki dutelako. Horretarako tresnak sortu nahi dituelako ari da ari den lanetan; hala nabarmendu du.

Luze eta zabal hitz egin du gaiaz, eta bost minutuko lagina ere erakutsi die. Txalo zaparrada ederra jaso du. .

Txapasi bertsoa

Agurtu aurretik, bigarren kantu saioa egin dute. Benito Lertxundirentzat idatzitako Itsasoari begira kantatu dute denek elkarrekin.

Saioa borobiltzeko, Maiak bertso eder bat abestu dio Txapasi. 80 urte bete ditu musikariak aurten, eta horietatik 20 eman ditu Xumelarekin, astelehenero, hutsik egin gabe, kantuan. Hala jakinarazi du Agirretxek, eta hitz neurtuan jaso du konpromiso horrekiko eskertza.  

Erlazionatuak

Itsasoa gara kantatu dute Xumela eta Jon Maiak

Maddi Noriega Zaldua eka 23, 16:05 Kultura

Itsasoa gara abestu dute Xumelak eta Jon Maiak

Txintxarri Aldizkaria eka 23, 16:06 Kultura

Txapasi bertsoa abestu dio Jon Maiak

Txintxarri Aldizkaria eka 23, 16:07 Kultura