Herriko atletak, Gipuzkoako txapelketa podiumean

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 23a

Ezkerretik eskuinera, Eider Redondo, Ostadar SKTko erreleboa eta Mari Carmen Olaso. Arg.: Ostadar Atletismoa eta MC Olaso.

Lasarte-Oriako atletek maila absolutuko Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten, hilaren 20an eta 21ean, Arrasaten. Herriko kirolariek proba ezberdinetan egin zuten lehia eta hainbat finalera iritsi ziren, baita podiumera igo ere. Lau urrezko domina, zilarrezko bat eta brontzezko bi jantzi zituzten lasarteoriatarrek  

Lasarte-Oriako ordezkaritza zabala izan zen Arrasaten. Ostadar SKTko kideez gain, Atletico San Sebastianeko Nerea Eugi eta Hodei Murgiondo, Real Sociedadeko Alex Alkain, Hodei Garcia eta Alaia Romero, BATeko Julen Goenaga eta Mari Carmen Olaso izan ziren lehian eta jardun ederra izan zuten. 

Bakarkako probetan, aipatzekoak dira jauzi probetan Ostadar SKTko Oinatz Almagrok eta Eider Redondok eskuratutako lehen postuak.

100 m. lasterketako nesken finalean, halaber, hiru herritar izan ziren lehian: Ostadar SKTKo Iraia Alkorta, Atletico San Sebastianeko Nerea Eugi eta Real Sociedadeko Alaia Romero. Lehen biak, gainera, podiumera igo ziren Alkorta hirugarren izan zen eta Eugi, aldiz, bigarren.

Eugik, gainera, bi domina jantzi zituen; 200 m. lasterketako urrea irabazi zuen.

Mari Carmen Olasok, aldiz, iraupen ertain eta luzeko lau probatan izan zen lehian: 400, 800, 1.500 eta 5.000 metro lasterketak. Azken horretan lehen postuan sailkatu zen.

Ezustekoa 4x100 m. errelebo proban etorri zen. Bi laukote aurkeztu zituen Ostadar SKTk bai nesken, bai mutilen lasterketan eta Iñigo Lertxundi, Erick D. Burbano, Oinatz Almagro eta Ivan Mateychuk laukoa podiumera igo zen; hirugarren igaro zuten helmuga, 46.52.

Dominak:

  • Eider Redondo (Ostadar SKT) - Luzera jauzia - 1º
  • Oinatz Almagro (Ostadar SKT) - Jauzi hirukoitza - 1º
  • Nerea Eugi (Atletico San Sebastian):
    • 200 m. lasterketa - 1º
    • 100 m. lasterketa - 2º
  • Mari Carmen Olaso - 5.000 m. - 1º 
  • Iraia Alkorta (Ostadar SKT) - 3º
  • Ostadar SKT - 4x100 m. erreleboa mutilak - 3º