Giroko porrako sarituak, Tourrerako prestatzen

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 22a

Ostadarrek Patxi Larrañaga harategian egin zuen sari banaketa. Arg.: Ostadar SKT.

Maiatza bukatzearekin bat Giroko azken etapa jokatu zen Erroman (Italia). Jonas Vingegaard (Visma) daniarra  izan zen garaile, baina izan zen beste irabazlerik, Ostadar SKTko porrako parte hartzaileak. Hilaren 5ean egin zen sari banaketa Larrañaga Harategian. Aurki, uztailaren 4an, Bartzelonan (Katalunia) hasiko den Tourreko tiketak egiteko epea irekiko da

Hilaren 5ean, Giroko porrako saridun nagusiak zein urdaiazpikoen zozketako onuradunak batu ziren puntu gehian lortu duen komertzioan, Larrañaga Harategia.

Andatza XXL (Benta taberna) txartelak eraman zuen 600 euroko sari nagusia eta Har (Ilargi) tiketak, aldiz, 300 euroak jaso zituen.

Urdaiazpikoak ere banatu zituzten eta Kerman Etxeberria Larrañaga (Andatza), Karpantaren Mandanga (Ostadar), Zabalone (Txiriboga), Malacha (Genesis), Ibai Irun (Eguzki) eta J.A.Iparra (Larrañaga) boletoen jabeek eraman zituzten etxera.

Tourreko porra

Bestalde, aurki jarriko du martxan Tourreko porra kirol elkarteak, hilaren 30ean. Uztailaren 4an Katalunian jokatuko diren hiru etapekin eango dio hasiera Frantziako itzuliak.

Porra egiteko ohiko bideak izango dituzte parte hartzaileek: internet bidez edo ohiko tabernetan. Tanernetako txartelak uztailaren 4an, bertan jasoko ditu Ostadarrek 21:00etan eta sarean egiten dutenek, aldiz, uztailaren 5eko goizeko 10:00ak arte izango dute epea.

Horrez gain, azken modu horrek berrikuntza bat dakarrela jakin arazi du elkarteak; boleto bat baino gehiago egiten bada, boleto guztiak ordainketa bakar batean ordaindu ahalko dira.