'Bullyingari Galga!' proiektua ondu du Ihitten elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 19a

Eskola, aisialdi eta kirol talde, guraso elkarte zein haur eta gazteekin lan egiten dutenei zuzendua dago proiektua; guztiei jazarpena ekiditeko tresnak eta baliabideak ematea da helburua

Bullyingaren kontrako protokoloak eta hura erauzteko kontzientziazio handiagoa badago ere, adituek prebentzioan ipintzen dute arreta gunea. Eta enpatian, hots, parekoaren larruan ipini eta hark sentitzen duena sentitzeko gaitasunean. Hori horrela, ikus-entzunezkoen alorrean diharduen Lasarte-Oriako Ihitten elkarteak proiektu bat ondu du, Fagor Herrigintza lankidetza programak lagunduta: Bullyingari Galga! . Taldeak nabarmendu du Fagor Herrigintza lankidetza programak emandako diru laguntza "berebizikoa" izan del proiektua aurrera ateratzeko.

Aipatu eragileko ordezkariek ohartarazi dute sortu dutena ez dela gida pedagogiko bat, baizik eta eskola jazarpena galgatzeko, horren prebentziorako tresna bat. 

Ikus-entzunezko edukiak

Eskola, aisialdi eta kirol talde, guraso elkarte zein haur eta gazteekin lan egiten dutenei zuzendua dago Bullyingari Galga! proiektua; guztiei jazarpena ekiditeko tresnak eta baliabideak eman nahi dizkie. Horretarako, euskaraz, gertuko erreferentziak eta erreferenteak erakusten dituzten ikus-entzunezko edukiak biltzen dituen egitasmoa. Bullyingaren gaineko hainbat gai jorratzen dituzten bideoak aurkituko dituzte interesdunek, hots, bullyinga zer den. Zer ez den. Nola ekidin daitekeen, nola lagundu dezakegun jazarritako laguna, eta abar.

Horrez gain, adituen hitzak eta protagonistek lehen pertsonan emandako testigantzak ere bai, eta baita protagonistek izandako bizipenetan oinarritutako egoera antzeztuak. 

Hori guztia kontsultatu nahi duenarentzat, ondorengo atari digitala sortu dute: https://bullyingarigalga.eus/