Maialen Chourraut, bosgarren Augsburgen

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 17a

Maialen Chourraut, Augsburgo kanalean lehian. Arg.: RFEPiraguismo

Alemaniako Augsburg kanalean Munduko kopako hirugarren jardunaldia jokatu zen hilaren 12tik 14ra. Maialen Chourraut herritarrak K1 eta Kayak Kros lehiatan parte hartu zuen

Hilaren 12an, K1 modalitateko probak lehiatu ziren. Kanporaketan ate batean arazoak izan arren, Lasarte-Oriako palistak finalerako sailkapena eskuratu zuen seigarren denbora onenarekin (105,05). Finalean, aldiz, hutsik gabeko saioa egin zuen herritarrak. Marka ez zen podiumean egoteko nahikoa izan, ordea; bosgarren amaitu zuen, 103,14.

Bi egunetara, Kayak Kroseko txapelketan, final laurdenetara iritsi zen Chourraut.

Orain, uztailaren 20tik 25era, Oklahoman (Amerikako Estatu Batuak) lehiatuko den Munduko txapelketara begira egingo du lan herritarrak. Hitzordu garrantzitsua da 2028ko Olinpiar Jokoetarako lehen puntuak jokoan izango baitira.