Hamabi futbol taldeetako harrobiko kideak bildu ziren hilaren 13an Michelin kirol gunean. Bederatzigarrenez, Jose Martijaren omenez bere ikasleek eta senideek antolatutako torneoa jokatu zen. Nahiz eta bero sargoria egon, ikusleak kirol gunera gerturatu ziren eta partida zirraragarriak ikusi ahal izan zituzten; alebinek euren balioa erakutsi zuten.
Lehia hasi baino lehen, Errege Kopa irabazitako Realeko jokalari Jon Martinek eta Lander Astiazaranek jasoko zuten omenalditxo bat.
Ostean, multzoko faseari eman zioten hasiera. Taldeek hiruna partida jokatu zituzten eta euren onena eman zuten arratsaldeko lehia nagusian sailkatzeko.
Neurketa eta neurketa artean, taldeek atseden hartzeko itzala bilatzen zuten eta fruta jan edo uda edateko aukera ere izan zuten.
Ikusleek ere izan zuten zer edan eta jan, baita hainbat sarietako zozketan parte hartzekoa ere.
Jokalariek kirol guneko areto futbol kantxan jateko aukera izan zuten eta indarrak berreskuratuta bazkalostean, bigarren faseei egin zieten aurre.
Racing eta derbia
Añorga, Euskalduna Andoaindarra, Real Sociedad, Antiguoko, Racing, Martutene, Billabona eta Eibar izan ziren Champion Leaguerako sailkatuak. Kanporaketaz kanporaketa Añorga eta Racing iritsi ziren finalera; Añorgak penaltietan gainditu zuen Antiguoko eta kantabriarrek 7-0 irabazi zioten Eibarri. Finala estua izan zen eta Racingek 2-3 gailenduta eraman zuen saria; iazko txapeldunorde titulua galduz.
Europa Leaguean, aldiz, Ostadar SKT-Real Union eta Texas Lasartearra CF-Sanse izan ziren kanporaketak. Lasarte-Oriako taldeak finalean lehiatzeko gogor aritu ziren. Lehen finalerdian, penaltietara iritsi ziren eta urdin-beltzek lortu zuten aurrera egitea. Texasek, aldiz, 3-1 garaitu zuen Sanse. Beraz derbia izan zen lehiaketa finalean eta zuri-urdinak izan ziren nagusi, 3-1.
Antolatzaileak pozarren daude txapelketak duen harrerarengatik eta urtero lehiaketa handitzen doalako.
Argazki galeria: Los Chavales de Martija/Txintxarri