Donostia Arraun Lagunak, Espainiako txapelketan nagusi

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 16a

Donostia Arraun Lagunak-eko kideak, Espainiako txapelketako banderarekin. Arg.: Donostia Arraun Lagunak.

Aurreko bi asteburuetan Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketan egin legez, Aiora Belartieta herritarra kide duen Donostia Arraun Lagunak-ek garaipena erdietsi zuen Espainiako txapelketan. Emakumezko talderik onenaren Iberdrola saria ere eskuratu zuen 'Lugañene'k Vila de Bangaseko beteranoekin berdinduta

Hilaren 13an eta 14an, Meira-Moañan (Galizian) lehiatu zen traineruen Espainiako txapelketa. 

Donostia Arraun Lagunak-ek eta beste sei ontzik (Astillero, Perillo, Tiran, Chapela, Amegrove eta Cabo da Cruz)  bi eguneko lehiari egin behar izan zioten aurre. Donostiarrak faborito ziren eta ez zuten huts egin.

Lehen egunean sailkapen probak izan ziren eta Donostiako eskifaia bigarren txandan lehiatu zen Astillero, Tiran eta Chapelaren aurka. Lan ederra eginez, Lugañenek hogei segundoko aldea atera zion helmugan bigarren izan zen Astillerori, hurrengo egunean A finalean egoteko txartela eskuratuta.

Finalean ere nagusi izan zen Donostia Arraun Lagunak. Astillero, Perillo eta Tiran izan zituen aurrez aurre. Lehen luzean Astillerorekin lehia estua izan zen arren, erritmoa estutu eta gipuzkoarrek atzean utzi zituzten kantabriarrak; helmugan hamar segundora iritsi ziren aurkariak.

Espainiako txapelketa irabazteaz gain, Iberdrola saria ere jaso zuen Donostiako ontziak; Vila de Bangaseko beterano taldearekin garaipen berdinketa eskuratuta.