Ekaineko ezinbesteko hitzorduetako bat da Rocioko erromeria. Asteburu batean ospatzen da, eta jende mordoa biltzen du haren egitarauaren inguruan. Ohiko legez, aurrera eraman da igande goizeko elizkizuna, eta haren osteko, ibilbidea. 31. erromeria izan da aurtengoa, eta bero ederra egin arren, herritar ugarik gozatu du festaz.
Arestian esan bezala, meza rozieroarekin hasi dute igandea. Zumaburuko Arantzazuko Ama parrokian elkartuta, Felix Garitano apaizak zuzendu du elizkizuna. Aldarearen eskuineko alboa dotore apaindu dute Semblante Andaluzeko kideek. Izan ere, Rocioko amaren irudia eta kofradiako zutoihala ipini dituzte. Bestaldean, Semblante Rociero korua kokatu da. Tarteka, abestu egin dute. Mezarekin amaitzeko, sevillanak dantzatu dituzte.
Parrokiatik atera eta dantzaldiarekin jarraitu dute. Eguzkitan bero itzela egiten zuen, 34 gradu zioen termometroak. Hori dela-eta, abanikoa edonon ikus zitekeen. Haizemaile bera sevillanak dantzatzeko baliatu dute hainbatek. Ondoren, Zumaburutik Atsobakarrera abiatu dira. Bidean, geldiuneak egin dituzte. Alde baterik, mojekin argazkiak atera dituzte, Ama Brigitarren komentuan. Bestetik, dantzan eta kantuan aritu dira, San Pedro parrokian.
Atsobakarreko parkera ailegatzean, Ohorezko ardoa eskutan izan dutelarik, topa egin dute Semblante Andaluzeko kideek eta herriko agintariek. Ondoren, bazkari herrikoia egiteko mahaiak prestatuta, elkarrekin paellaz gozatu dute arratsaldeko txandari gogoz ekiteko eta asteburua behar bezala ixteko.