Dantzari bikainak direla erakutsi dute Kukukako ikasleek

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 14a

Sorkuntza eta euskal dantzen emanaldiekin amaitu da 24. Antzerki eta Dantza Astea. Erakustaldiez gain, bazkaria eta dantzaldia ere antolatu zuen Kukukak festa agurtzeko, Okendo plazan. 

Gazteak eta helduak ireki zuten asteburuko dantzaldia, ostiralean. Hamahiru ikuskizun eskaini zituzten ikasleek. Euskal dantzatik abiatu ziren asko, sorkuntzatik ere bai. Batzuk esku hutsik aritu ziren dantzan, beste batzuk, aldiz, zenbait elementuen laguntzarekin; makilekin edota aterkiekin, besteak beste. Kultur etxeko auditorioa leporaino bete zuen publikoak. Erakustaldi ederrek kitzikatuta, txalo zaparradak eskaini zizkieten senideek eta lagunek dantzariei. Emanaldi politarekin amaitzeko, ikasturteko talde argazkia banatu zuten irakasleek, eszenatokian talde guztiak kalejira eginez elkartu zirelarik. 

Etxeko txikienak oholtzaratu ziren, larunbat goizean. Helduei jarraiki, euskal dantzan eta sorkuntzan aritu ziren gaztetxoak, eta zaharrekin gertutakoaren antzera, publikoak biziki gozatu zuen. Otarrak, zintak, ikurriña eta euskal kantutegi klasikotik hartutako abestiak zein garaikideagoak. Ikasturtean ikasitakoaren erakustaldi ederra egin zuten haurrek. Ikuskizunarekin amaitzeko, talde argazkia jaso zuen talde bakoitzak. 

Dantza gehiago 

Asteartean hasi zen 24. Antzerki eta Dantza Astea. Geroztik, egunero eskaini dira ikuskizunak, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Kolorez eta alaitasunez beteriko egunak izan dira, eta tamalez, larunbatean bertan amaitu zen festa. Horretarako, festa alaia antolatu zuten. Izan ere, larunbatean, hainbat lagun bildu ziren eta elkarrekin bazkaldu zuten, Okendoko arkupetan, eguzki izpi beroetatik ihes. Dastatzeko, paella izan zuten.

Sabelak beteta, dantzaldiari hasiera eman zioten, musikarien laguntzarekin. Algara eta hurkoen artean, bi ordu inguru aritu ziren dantzan, ez baitago festa bat amaitzeko era hoberik.