ESKUTITZA

32

Xabier Karril 2026ko ekainaren 13a

Astearteko albistea dugu: “Langile bat hil da lan-istripuz Laudion” ('Gedar'). Lantegiko labe garaia konpontzen ari zela, labeak eztanda egin, eta behargina zendu egin zen. Beste bat. Honezkero hogeita hamabi dira aurten Euskal Herriko lantokietan zein lantokira bidean hildakoak; hogeita hamabi behargin hilik, hogeita hamabi bizitza, hogeita hamabi lagun, hogeita hamabi guraso, hogeita hamabi ahizpa, hogeita hamabi lehengusu. 32.

Horixe izan da, hain zuzen ere, albistegietan hartu duten batez besteko segundo kopurua: hogeita hamabi segundo gutxi gorabehera, azken ordukoren bat edo beste tarteko, akaso; beharbada, hogeita hamabi karaktereko txioren bat izango zuten hedabideren batek argitaratua edo hogeita hamabi hitzeko zutaberen bat paperezko aleren batean.

Ez zuten, ez, albistegirik irekiko. Tertulia saio osoak ere ez zituzten emango haien inguruan. Ziurrenik, ez zuten ezein egunkariren azala okupatuko, ez aintzatespen ofizialik edo jarraipen sakonik izango. Ez zuten eresidun hileta jendetsurik edo hil kapera apaindurik izango, ezta bisitan joandako alkate edo legebiltzarkiderik ere. Dolu-aldi ofizialik ere ez zuten apenas izango, ez bada haien herrian egun batez-edo haga erdira jaitsitako banderaren batek irudikatutakoa. Egin egingo zuen auhen enpresariren batek, auskalo –jarraian langilea ordeztu eta aurrera jarraitzeko, noski, inolako erantzukizunik jasan behar izan gabe–.

Honezkero hogeita hamabi dira aurten Euskal Herriko lantokietan zein lantokira bidean hildakoak; hogeita hamabi dira gure hildakoak -eta nago ez ote diren aurrerantzean ere gehiago izango-.

“Goian egon” nahi dutenak goian beude, eta besteei lurra arin bekie.