EDUKI BABESTUA

Euskara ikasteko eta herrian errotzeko bidea, Muntteri AEKn

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 12a

Gustavo Quintero eta Lourdes Anza, Muntteri AEK atarian.

Muntteri AEK euskaltegian elkartu dira Lourdes Anza eta Gustavo Quintero ikasleak. Donostikoa da lehena, eta herrian urteak daramatza bizitzen. Gustavo, aldiz, argentinarra da eta lehen urtez ari da eskolak jasotzen. Euskara ikasteko motibazio desberdinekin hasi baziren ere, biek bat egiten dute helburu berarekin: ingurukoekin harremanak euskaraz egiteko gaitasuna irabaztea.

Lau ikasturte daramatza Lourdesek Muntteri AEKn. Euskara hobetu nahi zuelako eman zuen izena, etxean ez baitu hizkuntza erabiltzeko aukera handirik eta galduta zuen praktikatzeko ohitura berreskuratu nahi baitzuen. Euskaltegian aurkitu duen giroa bereziki estimatzen du: "Lasai ikasteko aukera ematen du, azterketen presio handirik gabe". Urte hauetan ikaskideekin lagun talde sendoa osatu du, eta harremana eskolatik kanpora ere eraman dute.

Quinterok, berriz, ikasturte honetan hasi du bere ibilbidea euskararekin. Hasieran ez zekien euskaraz, baina pixkanaka ulertzen eta hitz egiten ikasten ari dela azaldu du. Lanean eta egunerokoan hizkuntzarekin topo egiten zuen maiz, eta familiaren bultzada ere garrantzitsua izan zen pausoa emateko orduan. Esperientzia oso positiboa izan dela nabarmendu du.

Biek azpimarratu dute euskaltegian aurkitu duten hurbiltasuna eta ordutegiak egokitzeko ematen diren erraztasunak. Horregatik, euskara ikastea pentsatzen ari diren herritarrak animatu dituzte, hizkuntza ikasteaz gain pertsona berriak ezagutzeko eta herriko bizitzan parte hartzeko aukera ere eskaintzen duelako.

Hilaren 30era arte

Aurrematrikula egiteko epea zabaldu du Muntteri AEKk eta jakinarazi du horretarako azken eguna hilaren 30a izango dela, asteartea.

Ikasle berrientzat zein dagoeneko AEKn ari direnentzat dago zabalik, eta hainbat abantaila eskaintzen ditu: aurtengo prezioa mantentzea (HABEren eta Euskarabidearen dirulaguntzak dituzten ikastaroetan izan ezik), interesik gabeko ordainketa epe bat gehiago izatea eta taldeak osatzeko garaian lehentasuna izatea.

Informazio gehiago eskura daiteke 607 62 52 33 telefono zenbakira deituta edo lasarte@aek.eus-era idatzita.