Ziria ederki sartu behar izan zioten Isaac-i ezertxo ere susmatu gabe Jaizkibel plazara bertaratu zedin. Arkupe tabernakoak arduratu ziren horretaz: Antoñito Molina kantautore andaluziarra herrira zetorrela eta elkarrizketatu egin behar zutela. Sinetsi egin zuen eta sekulako sorpresa hartu zuen LOZETeko buruhandiak bere bila joan zirenean; mehatxatu egin zuten, altxa eta beraiekin joaten ez bazen astindu egingo zutela. Jaramon egin eta enparantzara iritsi zenean ezusteko galanta hartu zuen, dozenaka herritar bere zain zeudela ikusi zuenean.
Jarraian, Aurreskua dantzatu zioten Amaia Usandizagak eta Amaia Gonzalez Caballerok, estilo euskalduna eta andaluziarra uztartuta. Parean zuten omenduari eskaini zizkioten emanaldietako aurrena izan zen. Jarraian atera ziren plaza erdigunera LOZET, Jalgune, Lasarte Ritmo Activo eta Bizipoza elkarteetako kideak, baita dantzara animatu ziren bizilagunak ere.
"Herriko oroitzapenen zaindaria"
Emanaldien artean hitza hartu zuten Milak, Susanak eta Patrik, urteotan guztiotan egindako lanagatik eskerrak emateko: "Jaizkibel plazan elkartu gara gure komunitatearen euskarri isil baina ezinbestekoetako bati eskerrak emateko: gure lagun, bizilagun eta argazkilari kuttun Isaac Farre Ricori". Azken urteetan herrian gertatu diren "une garrantzitsu guztietan" kamerarekin aritu dela azpimarratu zuten: "Ez du soilik klik egiten, denbora geratzen du. Bere begiratzeko moduari esker badakigu nolakoak ginen, dagoeneko gurekin ez daudenak oroitzen ditugu eta ulertzen digu nondik gatozen. Gure oroitzapenaren zaindaria da eta bere artea eskuzabalki eman digu, trukean gauza bakarra eskatuta: gu irribarretsu ikustea".
Hori esanda, tarte batez ohiko begirada alde batera utzi, kameratik begiak altxa eta parean zituenei begiratzeko eskatu zien: "Bizilagunon eta eragileetako ordezkarion aurpegietan islatuta ikusiko dituzu zurekiko esker ona eta maitasuna". Bukatzeko, azpimarratu zuten euren bizitzen kronikaria izan dela azken zortzi urteetan, eta, batez ere, "pertsona zoragarri bat".
Emanaldiak eta hitzak hunkituta eskertu zituen Isaacek. Arratsaldeko enegarren sorpresa jaso zuen Porrotx pailazoa eta Lasarte-Oriako Bizipoza Taldeko kideak ailegatu zirenean. Eurek ere hitz politak esan zizkioten eta koloretako zapi bana lotu zioten lepoaren bueltan, Maite zaitut kantatzearekin batera. Opari gehiago jaso zituen, izan ere, antolatzaileek txapel eta ardo botila pertsonalizatu bana eman zizkioten eta San Silvestre Lasarte-Oria eragileko kideek, berriz, abendu amaieran erabiltzen dituztenen tankerako ileorde koloredun bat.
Aitortza ekitaldiarekin amaitzeko hala nahi izan zuten guztiek argazkiak atera zituzten omenduarekin. Bertaratutako guztien talde erretratua izan zen azkena.