Berriro mobilizatu dira udal langileak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 11

Atzo goizean udaletxe zaharraren parean egindako elkarretaratzea. Argazkia: ELA Goierri-Oria.

Aurreko astean iragarritakoari jarraiki elkarretaratzea egin dute dozenaka udal langilek udaletxe parean, 'Lasarte-Oriako udal langileon lan baldintzak arriskuan' lelodun afixa eskuetan. ELA sindikatuko Goierri-Oria saileko kideek nabarmendu dutenez, dinamika horri eutsiko diote hilabete honetako gainerako asteazkenetan ere, baldin eta udal gobernuak gaiarekiko bere jarrera aldatzen ez badu. Udalhitz akordioa berritzeko negoziaketetara atxiki gabe jarraitzen dutela gogorarazi dute.

ELAko kideek azpimarratu dute udal gobernuaren jarrerak "langileen lan baldintzak kaskartu" egin dituela. "Dinamika hori ez da berria baina areagotu egin da azken hilabeteetan: Langileen ordezkaritzak mahai gainean jarritako aldarrikapenei bizkar emateaz gain, udal gobernuak berriki erabaki du, aldebakartasunez, du Udalhitz berritzeko negoziaketa prozesura ez atxikitzea", azaldu dute. 

Beharginek nabarmendu dute egoera horrek zuzenean eragiten diola herritarrei ematen dioten zerbitzuaren kalitatean. Halaber, udal gobernuko kideei eskatu diete jarrera aldatu eta lan baldintzak hobetzeko borondatea erakustea. Hori egin ezean, hilabete honetako hurrengo asteazkenetan mobilizatzen jarraituko dutela jakinarazi dute; ekintza horietan parte hartzera deitu dituzte udaletxeko behargin guztiak.