LOKEko judokak eta gimnastak, ikasturte amaierako erakustaldirako prest

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 12a

Iazko gimnastikako erakustaldiko irudia.

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko Judo eta Gimnastika erritmikoko atalek ikasturteari amaiera emango diote gaur, hilaren 12an eta 13an. Elkarteko kideen eskutik, Maialen Chourraut kiroldegiko kantxa tatami eta tapiz bihurtuko da ordu batzuez

Judokak izango dira lehenak denboraldiari agur esatean. Gaur, hilaren 12a, batuko dira. Maila guztietako kirolariek urtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute ariketa ezberdinak eta borrokak eginez. Amaitzean guztiek izango dute saria eta ezustekoren bat ere iragarri dute.

Iazko erakustaldiko borroketako bat.

Hala ere, judoko arduradun Gorka Aristegik azaldu modura, oraindik lehiaketa bat dute faltan senior kategoriako kirolariek, Bansanser Torneoa. Santanderren (Kantabria) hilaren 20an lehiatuko da eta taldekako txapelketa da.

Zirkua tapizean

Egun bat beranduago, gimnasten txanda izango da. 16:00etan hasita, zirkuko giroan murgilduko dituzte guraso eta senideak.

Beroketak egin ostean, tresna ezberdinekin edo esku hutsik urtean zehar landutako koreografiak dantzatuko dituzte atala osatzen duten haur eta gaztetxoek.

Pasio, magia eta poztasunez betetako emanaldia iragarri dute LOKEko kideek.