Eremu publikoetan birziklatzeko gune gehiago jartzeko eskatu diete

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 11

Gure herrian Lehen Hezkuntza ikasten ari diren 400 ikasle baino gehiagok hondakinen, landaredia eta energia gaiekin zerikusia duten alorrak jorratu dituzte amaitzear den ikasturtean. Ateratako ondorioak eta prestatutako proposamenak helarazi zizkieten udal gobernuko ordezkariei zeregin horretarako egindako ezohiko bileran, pleno aretoan. Ekimen hori Ingurumen Hezkuntzako Udal Programaren barruan egindako lanaren amaiera ekitaldia da. Ikasleek tokiko erakundeen funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko aukera dute, eta, aldi berean, udalerriaren eraikuntzan aktiboki parte hartzen dute.

Hauek dira ikasleek proposatutako neurri batzuk: eremu publikoetan birziklatu ahal izateko gune gehiago jartzea; bereizketa hobetzeko sentsibilizazio kanpaina gehiago egitea; arratoien gisako karraskarien ugaritzearen aurkako neurriak hartzea; natura guneak hobetzea eta areagotzea; dagoeneko erabiltzeko moduan dauden parkeak eta lorategiak hobe mantentzea; energia berriztagarriak sustatzen jarraitzea; edota eraikin publiko batzuen eraginkortasun energetikoa hobetzea. Programan parte hartu izana eta egindako lana eskertu zieten udal ordezkariek.