Herriko atletek ongi egin diete aurre maila ezberdinetako lehiaketei

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 11

Amelie Flores (erdian) lehiarako prest, Ostadar SKTko prestatzaileekin. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Lasarte-Oriako atletek bi hitzorduri egin zieten aurre, hilaren 6an eta 7an eta ederki jardun ziren; domina bat jantzi zuten Euskadiko txapelketan

 

Durangoko (Bizkaia) Landako pistan lehiatu zen Euskadiko lehiaketa eta herriko ordezkaritza zabala izan zen. Ostadar SKTko sei kidek parte hartu zuten: Iraia Alkorta, Eider Redondo, Irati Gallego, Nahia Garcia, Maider Rekondo eta Oihana Igarriz. Eta horiez gain, Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugi eta Hodei Murgiondo, Real Sociedadeko Alex Alkain eta BAT taldeko Julen Goenaga ere izan ziren pistan.

Herritarrak proba ezberdinetako finaletan izan ziren borrokan eta disko jaurtiketan lortu zen txapelketatako domina bakarra; Ostadarreko Maider Rekondok brontzezko domina eskuratu zuen, 37,40 metroko markarekin. Lehiaketa berean, zazpigarren izan zen taldekide Oihana Igarri, 31,07 m. Altuera jauzian, aldiz, Ostadarreko Eider Redondo zazpigarren izan zen, 1,55 m. 

Pertika jauzian, 3,40 metroak ezin gaindituta, podiumeko atarian geratu zen Atletico San Sebastianeko Hodei Murgiondo eta taldekide Nerea Eugik 100 m. zein 200 m. lasterketako finaletan zazpigarren eta bosgarren amaitu zuen, hurrenez hurren.

Lehen postuetan izan zen ere BATeko Julen Goenaga; 800 metroko lasterketan, bosgarren izan zen eta denboraldiko bere marka ondu zuen, 01.58,56. 

Ostadar SKTko arduradunak pozarren daude euren atletek egindako lehiaketarekin. Gainera, Eider Redondo edo Nahia Garcia bezalako kirolari gazteak lehian izan direla nabarmendu dute.

Espainiako txapelketa

Ostadar SKTko Amelie Flores eta Real Sociedadeko Alaia Romero herritarrak, aldiz, Alacanteko (Valentziako Erkidegoa) La Nucia herrian 16 urtez azpiko Espainiako txapelketan lehian izan ziren. Euren probetako finalerako sailkatu ez baziren ere, jardun ederra egin zuten.

Floresek 100 metro hesi lasterketako kanporaketan parte hartu zuen eta 15,74 marka egin zuen. Ostadar SKTko entrenatzaileak pozarren daude egindako probarekin: "Ameliek lehen urtea du Espainiako txapelketa batean eta oso ondo lehiatu da. Gainera, haizea izan zuen aurka, baina ongi egin zion aurre egoerari".

Romerok, aldiz, 100 metroko kanporaketan egin zuen korrika eta 12,84 markarekin.

Larunbata honetan, hilaren 13a, aldiz, herriko kirolariek proba libreak izango dituzte Arrasaten eta Nerea Eugi eta Naroa Furundarena herritarrak kide dituzten Atletico San Sebastian eta Valencia CA Ohorezko mailako Espainiako ligako finalean izango dira lehian.