Galdutako superbotereetatik, tailerreko abenturetara

Iñigo Gonzalez Sarobe 2026ko ekainaren 10a

Ikasturtean zehar landutako ikuskizunak erakusten ari dira Kukuka eskolako ikasleak, kultur etxeko auditorioan, 24. Antzerki eta Dantza Astearen barruan. Gazteenetatik hasi eta helduenetara arte, ederki moldatzen ari dira guztiak, atsegin dutena erakusteak eragiten dien zirrararekin aurre egiten jendaurrera atera aurreko uneetako urduritasunari.

Garaikoetxea-Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako ikasleak izan dira aurreneko emanaldi egunetako protagonistak eta gai ugari landu dituzte antzezlanen bidez, ikus-entzuleei etxera joan eta tarte batez hausnartzeko arrazoiak emanda. Galdera batekin amaitu dute esate baterako, gaur oholtzaratutako Beste norbaitentzat lana: "Eta zuk, nola jokatzen duzu beste norbait zuri begira ari denean?". Ikasle talde bati azterketa sorpresa ezarriko dio irakasleak eta gazteak berehala ohartuko dira etsamina hori ez dela ordura arte egin dituztenak bezalakoa. Izan ere, aztergaia (eta kasu horretan, produktua ere bai) ez da Euskara, Historia edota Matematika, azterketariak beraiek baizik.

Egoera bitxi eta dramatikoa planteatu dute beste antzezlan batean, Leonardoren tailerreko abenturak izenekoan. Kezkatuta dago maisua, urdin kolorea ez duelako inondik ere topatzen. Bila eta bila arituta ere, ezin aurkitu. Laguntzaileekin batera zeregin horretan ari dela, munduko agintariek hartutako erabakiaren berri izango du: kolore guztiak deuseztu eta grisa izango dela dena aurrerantzean. Arrisku horren aurrean, lortuko dute galdutako laguna topatzea eta koloreek gizarteari zein planetari ematen dioten balioa aldarrikatzea.

Ederki antzeztu dituzte baita ere Galdutako superbotereak eta Udaleku bitxia ikuskizunak, gaurko karteleko emanaldi sorta osatu dutenak. Bihar egingo dituzte azken antzerki emanaldiak eta, ordura arte antzoki izango dena dantzaleku bilakatuko da astebururako.

Egitaraua

Osteguna, hilak 11

  • 19:30etik aurrera, kultur etxean: Umezurztegia eta Toc toc antzezlanak, Landaberriko DBH 1 eta 3ko ikasleen eskutik.

Ostirala, hilak 12

  • 19:30etik aurrera, kultur etxean: Euskal Dantza Sorkuntza emanaldiak egingo dituzte alor hori landu duten taldeek.

Larunbata, hilak 13

  • 12:00etatik aurrera, kultur etxean: Euskal Dantza Sorkuntza emanaldiak egingo dituzte alor hori landu duten taldeek.
  • 14:00etan, Okendo plazan: bazkari herrikoia egingo dute. 
  • Bazkalostean, Okendo plazan: dantzaldia egingo dute.