"Nobela mutantea" izan dute hizpide

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 10a

LGTBIQ+fobiaren aurkako eta harrotasunaren aldeko egunen harira antolatutako egitarauaren barruan Danele Sarriugarte idazlearekin elkartu ziren atzo literatur txokoko eta Transmaribibolloen elkarteko kideak. Idazle elgoibatarrak ondutako 'Beste zerbait' (Consonni, 2025) lanaz mintzatu ziren giro ederrean.

Egileak berak lanaren aurkezpen prentsaurrekoan azaldu zuenez, narrazioaren egitura ez da ohikoa, "nobela mutante" gisa definitzen baitu: lekukotasun zuzena, hausnarketa kritikoa eta eszena narratibo gordinak uztartzen ditu puzzle baten gisan. Egitura linealik ez dago, "bulkadek, kolpe sinbolikoek eta digresioek" gidatzen dutelako irakurketa. Euskara ez-bitarra erabili du eleberria idazteko, hau da, hizkuntza bera mutarazten du gorputz aldakor baten tankeran, "desira eta plazeretik abiatuta". Hori horrela, edukia ez ezik, tresna bera da "disidentea eta kuirra".

Mamiari dagokionez, "heteroheziketak utzitako zaurietatik abiatuta harreman logika berriak bilatzeko bidea" jasotzen du liburuak. "Genealogia kuirrak eta nortasun txirikordatuak" ditu oinarri eta literatura bera erresistentzia ariketa bihurtzen du.