'Gaueko' mahai joko literarioa argitaratu ahal izateko diru bilketa abiatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 10a

Literatura eta jolasa uztartzen dituen proposamen berritzaile bat sortu du Maren Urkizu Urruzola lasarteoriatarrak: 'Gaueko' mahai joko literarioa. "Sortzeko, berreraikitzeko, antzezteko... espazioa eskaintzen duen jolas kooperatiboa, euskaratik eta euskaraz sortutakoa" dela azaldu du egileak eta 5 eta 8 urte arteko haurrei zuzenduta dagoela. Eneko Martiarena Lopetegi herrikidearen laguntza artistikoa izan du. Egitasmo hori argitaratu ahal izateko baliabide ekonomikoak behar dituztenez, diru bilketa kanpaina abiatu berri dute.

Proiektuaren abiapuntua egilearen Haur Hezkuntzako Gradu Amaierako Lana da. Liburutegietan eta irakurzaletasunaren sustapenean espezializatuta dagoela , Urkizuk hutsune nabarmen bat hauteman zuen bai hezkuntza esperientzian bai egungo merkatuan ere. "Literaturaren lanketak ikuspegi akademiko eta zurruna du, oraindik ere, sarritan" , azaldu du sortzaileak Gaueko jokoaren dossierrean eta gaineratu du mahai jokoen merkatuak ez diela modu orekatuan erantzuten adin tarte guztietako pertsonen beharrei, ezta hizkuntza zein kultura aniztasunari ere.

Hori horrela, 5 eta 8 urte bitarteko haurrengan pentsatuz garatu du jokoa , txikienentzako egokitutako jokoen gabeziari aurre egiteko. Dena den, jolasak belaunaldien arteko zubiak eraiki nahi ditu , nagusiei ere erronkan parte hartzeko gonbidapena luzatuta.

Adimen Artifizialetik, giza ilustraziora

Proiektuaren atzean "oinarri teoriko sendoa eta merkatuaren azterketa luzea" daude. Urkizuk bere lehen zirriborroei itxura profesionalagoa emateko Adimen Artifiziala erabili bazuen ere , argi zuen jokoa argitaratzeko unean ilustrazioak hezur-haragizko pertsona batek egindakoak izatea lehenetsi nahi zuela. Hor sartu zen jokoan Eneko Martiarena Lopetegi herrikidea. Haur Hezkuntzako irakaslea izateaz gain, ilustratzen pasatzen ditu orduak , eta "gogoz" onartu zuen pertsonaiei bizia eta forma emateko erronka.

Egitasmo hori argitaratu ahal izateko diru bilketa kanpaina (3.000 euro behar dituzte, gutxienez) abiatu zuten atzo eta biek ala biek azaldu dutenez 28 egun iraungo ditu. Webgunea eta Instagram kontua ere sortu dituzte.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida por Gaueko | Mahai-jokoa (@gauekomahaijokoa)

Proiektuak bultzada "garrantzitsuak" jaso ditu dagoeneko, izan ere, Izaskun Arrue Kulturguneak antolatutako Batera deialdian Gasteizko proiektu onenaren saria irabazi du Gaueko mahai jokoak.

Oinarria, euskal mitologia

Jokoaren dinamikari dagokionez, gatazka nagusia euskal mitologian oinarritzen da. Euskal Herriko izaki mitologikoek (Mari, Basajaun, Tartalo eta Lamia) gauero irakurtzen dute ipuin bat lokartu aurretik. Baina gaur iluntzean, Gaueko izeneko izaki misteriotsuak ipuin guztiak lapurtu dizkie. Jokalarien helburua, taldean elkarlanean arituz, ipuinak berreskuratzea, nahastutako piezekin ipuin berri bat sortzea eta Gaueko lokartzea izango da egunsentia agertu aurretik.

Jokoak lau zailtasun maila ditu , eta probetan asmakizunak (pentsamendu logikorako) , ahokorapiloak (ahoskerarako) eta onomatopeiak (adierazpen dramatiko eta sormenerako) landu beharko dituzte. Gainera, jokalariek pertsonaien rolean sartzeko mozorro eta osagarriak jantzi beharko dituzte (ileorde gorria, bizarra, begi bakarra edo orrazia), dramatizazioa eta ahozko komunikazioa bultzatzeko.